Energia berriztagarriei buruzko POCTEFA EKATE+ proiektua jarri dute martxan mugaz gaindiko komunitateetan

0
 

Bidarteko Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskolako (ESTIA) instalazioetan aurkeztu dute orain dela gutxi POCTEFA EKATE+ proiektua. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen du proiektu horretan, eta energia berriztagarrien bidez mugaz gaindiko komunitateak digitalizatzea eta optimizatzea da haren ardatz nagusia, energia gordetzeko teknologiak, elektromugikortasun partekatuko sistemak eta karga malgu berriak erabiliz. Aurreko POCTEFA proiektu baten, EKATE izenekoaren, jarraipena da proiektu hau. Mugaz gaindiko lankidetzaren bidez elektrizitate fotovoltaikoaren autokontsumo kolektiborako sistema eraginkor bat garatzea zen haren helburua.

“POCTEFA Frantzia-Espainia eskualdean, ekoizpen fotovoltaikoko sistemen instalazioa gora doa, autokontsumoko instalazioen ugaritzea dela eta. Izan ere, bi herrialdeetako lege esparrua egokitu da, eta autokontsumo partekatua ahalbidetzen du aldaketa horrek. Ondorioz, beste aukera batzuk sortu dira, hala nola energia berriztagarrien komunitateen garapena (CER). Hiritarrak ahalduntzea eta euren energiaren kudeaketan inplikatzea da komunitate horien helburua. Dena den, CER komunitateak sortzea, kudeatzea eta funtzionatzea konplexua da, eta horiek martxan jartzeko tresna espezifikoak eta interkonexio sareak behar dira. Mugaz gaindiko lankidetza funtsezkoa da POCTEFA eremua erreferente bilaka dadin Adimen Artifiziala (AA) erabiltzen duten teknologia digital aurreratuetan. Modu horretan, aurrerapausoak emango dira bateriak, elektromugikortasuna eta beste karga malgu batzuk dituzten energia berriztagarrien komunitateen kudeaketa energetikoan. Horren helburu anbiziotsua lortzeko, beharrezkoa da Pirinioen iparraldeko eta hegoaldeko eragile eta eskualde nagusiek, gai honetan parte hartzen dutenek, elkarrekin lan egitea eta dituzten gaitasunak, ezagutzak eta baliabideak partekatzea”.

Hala, mugaz gaindiko lau eskualdetako bazkideak biltzen ditu EKATE+ proiektuak (Euskal Herria, Akitania Berria, Okzitania eta Katalunia): Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskola (ESTIA), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), CIMNE-Ingeniaritzako Zenbaki Metodoen Nazioarteko Zentroa (Bartzelona), TECSOL – Eguzki energian eta teknologia digitalean espezializatutako diseinu bulegoa (Perpinyà), DERBI – Okzitaniako trantsizio energetikora bideratutako lehiakortasun poloa (Perpinyà) eta HABITAT FUTURA – Eraikuntza jasangarriaren garapenean espezializatutako enpresa (Bartzelona).

EKATE+ (EFA41/01) proiektuaren % 65 Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (FEDER) finantzatuko du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko eremuko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da POCTEFAren helburua. Mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arloko jarduerak garatzea da laguntzen xede nagusia, lurraldearen garapen jasangarria sustatzen duten baterako estrategien bidez.