Euskadik ELGAren GJHen aldeko hiri eta eskualdeei buruzko 7. mahai-ingurua hartu du

0
  • Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza du, eta hirietako, eskualdeetako, estatuko gobernuetako, sektore pribatuko, gizarte zibileko, mundu akademikoko, filantropiako eta nazioarteko erakundeetako funtsezko eragileak biltzen ditu
  • “Politika publikoek irtenbide berritzaileak behar dituzte hiri-garapen jasangarria bultzatzeko eta GJHen aurrerapena bizkortzeko”
  • Now 2030 Basque Country GJHen lokalizaziorako euskal konpromisoaren ereduak konpromiso praktiko hirukoitza garatzen du: instituzionalizazio handiagoa, sozializazio handiagoa eta pertsonalizazio handiagoa
  • Estatu azpiko gobernuek eskumenen % 70 dute GJHei dagokienez; rol garrantzitsuagoa izan behar dute gobernantza globalean”
  • “Ezinbestekoa da 2030 Agenda aginte-erreferentzia izatea gerraren aurrean eta bakearen alde”
  • “Gerrak eta horrek munduan dituen ondorioek gero eta presentzia handiagoa izateak nazioarteko hausnarketa eskatzen du 16. GJHren eguneratzeari buruz: bakearen inguruan” 

Gaur, maiatzak 29, ELGAren Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) aldeko hiriei eta eskualdeei buruzko 7. Mahai-ingurua egin da Donostiako Tabakaleran. Ekitaldi hau Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez. Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren laguntza ere badu.

Ekitaldi honetan hirietako, eskualdeetako, estatu-gobernuetako, sektore pribatuko, gizarte zibileko, mundu akademikoko, filantropiako eta nazioarteko erakundeetako funtsezko eragileak bildu dira, GJHak lortzeko adimen artifizialak eta digitalizazioak duten zeregina eztabaidatzeko; GJHak lokalizatzeko finantzaketa publikoa eta pribatua mobilizatzeko irtenbideak identifikatzeko; 2030 Agenda lortzeko lankidetza deszentralizatuak eta hiri-elkarteek duten eragina aztertzeko; eta jarraitu beharreko ibilbideen eta hurrengo urratsen orri bat diseinatzeko.

Goizeko lehen orduan egin da irekiera ekitaldia, eta honako hauek izan dira bertan: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Cecilia Robles, Kanpo Arazoak, Europar Batasuna eta Lankidetza Ministerioko Nazio Batuen, Nazioarteko Erakundeen eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia; Paula Fernandez-Wulff, Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendaren Ministerioaren 2030 Agendaren zuzendari nagusia; Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; eta Lamia Kamal-Chaoui, ELGAren Ekintzailetza, ETE, Eskualde eta Hirietarako zentroko zuzendaria.

Bertaratuei ongietorria eman ondoren, Jonan Fernandezek adierazi du Euskadi 7. mahai-inguru honetako anfitrioia dela, ELGAren «GJHen lurralde-ikuspegia» programan parte hartu duelako. Programa honek «2030 Agenda sustatzeko eta ezartzeko politika publikoen ezarpena ebaluatzen du. Politika publiko horiek, zazpigarren mahai-inguru honen helburuak jasotzen duen bezala, irtenbide berritzaileak behar dituzte hiri-garapen jasangarria bultzatzeko eta GJHen aurrerapena bizkortzeko. Berdintasunik eza, etxebizitza edo klima-aldaketa bezalako arazoak komunak dira gure agenda politiko-instituzionaletan«.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak adierazi du Euskadin borondatea dagoela 2030 Agenda eta haren Garapen Jasangarrirako Helburuak bultzatzen laguntzeko: «Euskadik 2030 Agenda Euskadi Foroa du, GJHen eragile anitzeko gobernantzaren organoa. Gure esperientziatik abiatuta, GJHen lokalizaziorako euskal konpromisoaren eredua formulatu dugu. Eredu honek 2030 Agenda zer den eta zer adierazten duelakoaren konpromiso praktiko hirukoitza garatzea planteatzen du: bat, instituzionalizazio handiagoa; bi, sozializazio handiagoa; eta hiru, pertsonalizazio handiagoa«.

Bestalde, gogorarazi duenez, «Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren munduko egoitza da Euskadi, eta euskal erakundeen inplikazio handia du. Egoitza Bilbon kokatzea aukera bat da GJHekiko euskal konpromisoaren eredua nazioartean partekatzeko eta estatu azpiko erakundeen eta gizarte-eragileen konpromisoa sustatzeko«.

Fernandezek munduaren egungo egoerari buruzko azken gogoetarekin amaitu du hitzaldia: «Gaur egun Ukraina eta Gazako gerra egoerak jarraitzen du. Yemen, Irak, Siria, Afganistan, Birmania, Hego Sudan, Etiopia, Somalia, Sahel, Kongoko Errepublika Demokratikoa… Gerrak eta haren ondorioek munduan gero eta presentzia handiagoa izateak 16. GJHren eguneraketari, bakeari, buruzko nazioarteko hausnarketa bultzatu beharko luke. Ezinbestekoa da 2030 Agenda bakerako ere autoritate-erreferentzia izatea. Irailean Nazio Batuen Etorkizunaren Goi-bilera egingo da. Espero dut bake-irrika honek leku nabarmena izatea«.

Izan ere, «2030 Agenda planetak eta gizateriak aurrean dituzten erronka handiei aurre egiteko inoiz egin den munduko lankidetzako ahaleginik handiena eta garrantzitsuena da,. Baina 2030. urtean Agendak ahalik eta balantzerik onena eskaintzea lortzeko, konpromiso, ekintza eta proiektu gehiago behar dira. 2030 orain da. Konpromisoa orain behar da«.