Itsasoa energia-baliabide berriztagarria da; potentzial handia du, eta kontuan hartu behar da egungo trantsizio energetikoan. Euskadik badu itsas energia berriztagarriak ikertzen dituen talde bat, JRL-ORE (Joint Research Laboratory in Offshore Renewable Energy), TECNALIAko, BCAM (Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa) zentroko eta EHUko ikertzailez osatua.
Eragile horiek Itsas Energien X. Konferentzia egin dute gaur Bilboko Ingeniaritza Eskolan, itsas zabaleko energia berriztagarrien alorrean Euskadin industriak eta ikerketak zer behar dituzten bateratzeko. JRL-ORE laborategiak, hain zuzen, ikerketan aldeen artean dauden loturak indartu nahi ditu, hain sinergiez baliatzeko. Ikerketek enpresa-munduan eta, oro har, gizartean duten inpaktua areagotzea du helburu, eta, hala, soluzio teknologikoak emanez eta prozesuan balioa sortuz, industriaren aliatu bihurtzea.
Jardunaldia Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan egin da, eta hauek hartu dute parte hasiera-ekitaldian: Eva Ferreira, EHUko errektorea; Jesús Valero, TECNALIAko zuzendaria; José Antonio Lozano, BCAMeko zuzendaria, eta David Boullosa, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko zuzendariordea.
David Boullosak nabarmendu du garrantzitsua dela JRL edo elkarrekin ikertzeko laborategi hori, non EHUko sei ikertalde baitaude, haietako lau Eskolakoak. Eta nabarmen du, halaber, Olatuen Laborategia, Energia Sailarena, zeinak aukera ematen baitu eskalako eredu fisikoekin olatuekiko interakzioari buruzko saiakuntza esperimentalak egiteko, TRL baxuko eskalako diseinuekin, itsas ingeniaritzaren zenbait alorretan (adibidez, itsas zabaleko energia berriztagarriak edo ORE).
BCAMeko zuzendari Jose Antonio Lozanok, bestalde, zenbakizko ereduek eta konputazioak itsas energietan duten garrantzia azpimarratu du. Luis Pedrosak, Trantsizio Energetikoko estrategia zuzendariak, gogora ekarri du TECNALIAk itsas energien alorrean duen esperientzia; izan ere, 20 urte daramatza sektore horretan lanean. Orobat aipatu du zentro teknologikoak konpromisoa duela Europa klimatikoki neutroa lortzeko 2050erako, eta garrantzitsua dela erakundeen arteko elkarlana, horrek aberastasuna ekartzen duelako, eta JRL-ORE horren adibide garbia da. Azkenik, EHUko errektoreak esan du unibertsitatea hurbil dagoela itsas ingurunetik eta itsas energia berriztagarrietatik eta bi master dituela itsas energia berriztagarrien alorrean: Itsas Ingurunea eta Baliabideak (MER) Erasmus Mundus Masterra eta Itsas Inguruneko Energia Berriztagarriak (REM) Masterra. Eta azken hori da JRL-ORE laborategiko aktibo nagusietako bat.
Hitzaldiak eta bisitak
Aurtengo parte-hartze nabarmenetako bat Deborah Greavesen hitzaldi magistrala izan da, zeinek Erresuma Batuko Supergen ORE Huben formula arrakastatsua azaldu baitu: mundu akademikoa, industria, politika eta alderdi interesdun publikoak lotzen ditu, berrikuntza inspiratzen du eta itsasoko haize-, olatu- eta marea-energiaren balio soziala maximizatzen du.
Kongresuan, horrez gain, ikertzaileek eta industriaren ordezkariek eztabaidagai izan dituzte ikerketa-jarduera berrienak, elkarlaneko proiektuak (martxan daudenak eta berriak), EAEko itsas energia berriztagarrien arloko berrikuntzen merkatu potentziala. Zortzi hitzaldi izan dira, zehazki, nola ikerketaren arloan hala industriarenean, eta hizlari hauek hartu dute parte: Jon Lekube (BIMEP), Eider Robles (JRL-ORE), Asier Sanz (TECNALIA), Jesús Busturia (Nautilus Floating Solutions), David Carrascosa (SAITEC), Endika Aldaiturriaga (EEE), Patxi Etxaniz (IDOM) eta Miguel Santos Herrán (Carnegie CETO).
Parte-hartzaileek eta hizlariek, bestalde, olatuen kanala bisitatu dute, eta, arratsaldean, BIMEP (Bizkai Marine Energy Platform) bisitatuko dute itsasontziz. BIMEP itsas zabaleko saiakuntza-gune bat da, Lemoizen kokatua, eta era guztietako gailu flotagarriak hartzeko diseinatua dago. Ikusiko dituzte, zehazki, Harshlab laborategia, materialak probatzeko Europako laborategi flotagarri bakarra, TECNALIArena, eta demoSATH, Espainiako lehen aerosorgailu flotagarri konektatua, SAITECena.