- Iñigo Urkullu INNOBASQUEren Batzarra ixteaz arduratu da, eta bilera honetan makila eskuratu du, berrikuntza agentzia honen Ohorezko Presidente gisara
- “Berrikuntza Herri helburua da eta hamaika urte hauetan Europaren parera iristea lortu dugu” −nabarmendu du
Gaur goizean, Donostiako Miramon Parkean izan den INNOBASQUEren Batzarra itxi du Lehendakariak, eta, ekitaldi honen barruan, Iñigo Urkulluk berrikuntza agentzia honen makila eskuratu du, Ohorezko Presidente gisara. Foro honetan, Iñigo Urkulluk adierazi du berrikuntza “Herri helburua dela”, eta, era berean, azpimarratu du berak ere ideia hau partekatzen duela: “zientzia da gizadiaren historiako obra kultural kolektiborik handiena”.
Iñigo Urkulluren ahotan, “Gure bizitza esperantza inoizko altuena da eta inoiz baino bizi kalitate hobea dugu. Inoiz baino elikagai gehiago ditugu eskura eta aukerak biderkatu egin zaizkigu. Honen guztiaren erantzule zientzia eta berrikuntza dira”.
Bere mintzaldiaren beste pasarte batean, Lehendakariak atzo bertan ezagutzera eman zen Europako Batzordearen Txostenari heldu dio. Informe horrek ondorioztatzen duenez, Aurrerapen Sozialaren atalean Euskadik aurrera egin du, eta, une honetan, zehazki, Europako batezbestekoa baino 13 puntu eta erdi gorago dago Euskadi. Horretaz gain, Lehendakariak gogorarazi du, azken hamarkada honetan, industria eta zerbitzu aurreratuak Euskadiko BPGaren % 40an finkatu direla, eta, hortaz, Euskadi Europaren batezbestekoaren barruan dagoela.
Amaitzeko, Iñigo Urkulluk adierazi duenez, une honetan, sortzen ari garen berrikuntza enpresa txikietara eramatea da erronka, horrela, “Euskadiko ehun industriala gure obra kolektibo bihurtzeko”.
Ekitaldian izan dira, halaber, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz.