Lehendakariak: “Ez dago aurrerabiderik industria-ehun indartsurik gabe. Eta, horrek, etengabeko hobekuntza eskatzen du”

0
  • Iñigo Urkullu, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iurretako Smurfit Kappa enpresaren instalazio berriaren inaugurazioan izan da
  • Lehendakariak azpimarratu du Smurfit Kappa bezalako enpresen eta erakunde publikoen apustu estrategikoei esker hazkundea sustatu dela eta langabezia-tasa nabarmen jaitsi dela

Lehendakaria Smurfit Kappa Iurretako paper-fabrikako azken belaunaldiko hondakinak kudeatzeko eta berreskuratzeko instalazio berriaren inauguraziora bertaratu da gaur goizean, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.

Lehendakariak ongi etorria eman dio inbertsio berri honi eta esan du industria-ehun indartsurik gabe ez dagoela aurrerapenik, eta horrek “etengabeko hobekuntza” eskatzen duela.

Urkulluk azpimarratu du Smurfit Kappa bezalako enpresen eta erakunde publikoen apustu estrategikoei esker azken hamarkada honetan hazkundea sustatu dela eta langabezia-tasa nabarmen jaitsi dela. “Gaur Euskadin milioi bat pertsona baino gehiago daude lanean eta kotizatzen. Ezinbesteko oinarria da gure bizitza kalitatea mantentzeko eta egunetik egunera hobetzen jarraitzeko”- esan du.

Lehendakariak adierazi du, gainera, inbertsio honen ikuspegiak, ausardiak eta anbizioak egunero enpleguaren kalitatea hobetzera eraman behar gaituztela, eta ziur aski hori izango dela hurrengo urteetako erronka nagusietako bat. “Pertsonen lan-baldintzak egunero hobetzea lortu behar dugu. Bateragarritasun, etengabeko prestakuntza edo garapen profesionalerako aukera gehiago eskaintzen saiatzea. Egiten ari gara. Azken hamarkadetan egindako bidea norabide onetik joan da. Atzera begiratu besterik ez dago hori egiaztatzeko”- nabarmendu du.

Azkenik, Urkullu Smurfit Kapparen ordezkariei zuzendu zaie, inbertsio berri honengatik zorionak eman eta haien ibilbidea eredugarria dela esateko. “70 urte daramatzazue lehiakortasuna irabazten eta aukera berriak sortzen. Ziur naiz, horrelako inbertsioei esker beste horrenbeste urte beteko dituzuela”- gaineratu du.