- Ohiko bizi-euskarriko neurriak aplikatu arren bihotzak eta birikek huts egiten dieten pazienteei zuzendutako funtsezko baliabidea da
- Beharrezkoa da Osakidetzako Helduen nahiz Haurren Zainketa Intentsiboen, Bihotzeko Kirurgiaren, Perfusionisten eta Larrialdien zerbitzuek sarean lan egitea
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko gorputzez kanpoko mintz bidezko oxigenazioko (ECMO) ekipoak mugarri garrantzitsua lortu du, ehun ECMO baino gehiago inplantatu baitzaie Euskadiko ospitaleetan egoera kritikoan dauden pazienteei. 2009. urtean sortu zenetik, gorputzez kanpoko bizi-euskarriaren funtsezko baliabidea izan da ohiko bizi-euskarriko neurriak aplikatu arren bihotzak eta birikek huts egiten dieten pazienteentzat.
Zirkulazio-euskarriko sistema konplexua da ECMO, zeinaren bidez gorputzez kanpoko mintz baten bidez oxigenatzen baita odola. Horretarako, pazienteari ateratako odol-kopuru handia ponpatu behar da zain-kanulen bitartez eta oxigenatutako odola arteria edo zainetara itzuli. Azken helburua da ukitutako organoa berreskuratzea edo bihotzeko edo biriketako transplanterako zubi gisa dabilen euskarri izatea; hala, nabarmenki areagotzen dira pazienteak bizirauteko eta suspertzeko dituen aukerak.
EUSKADIKO ECMO EKIPOA
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ECMO ekipoa hainbat diziplinatako espezialistek osatzen dute eta era koordinatuan aritzen dira lanean; diziplina hauetakoak, hain zuzen ere: Bihotzeko Kirurgia, Helduen Zainketa Intentsiboak, Haurren Zainketa Intentsiboak, Perfusionistak eta Erizaintza espezializatua. 2013. urtean, EAEko ECMO ekipoa eratu zen, Emergentzien Zerbitzua barne hartuta, eta lankidetzan aritzeko eta sarean lan egiteko akordioak egin ziren EAEko eta Errioxako zentro sanitario guztiekin; horrenbestez, ECMO euskarriari dagokionez euskal sistema sanitario publikoaren irisgarritasuna eta ekitatea bermatuko zaizkie hura behar duten eta inplante-irizpideak betetzen dituzten EAEko herritar guztiei, haien kokapena edozein dela ere (kritikoen unitatean).
ECMO teknikaren efikazia funtsezkoa da bizitzak salbatzeko eta egoera kritikoan dauden pazienteei ematen zaien tratamenduaren kalitatea hobetzeko.
BIKAINTASUN-ZENTROA
ECMOren konplexutasuna dela-eta, behar bezalako jarduketa egiteko beharrezkoak diren gaitasunak bikaintasun-zentro gutxi batzuetan soilik eskaintzen dira Estatuan (Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Vall d’Hebrongo Ospitalea, La Fe Unibertsitate Ospitalea, Malagako Unibertsitate Ospitalea, 12 de octubre Unibertsitate Ospitalea). Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak esperientzia handia dauka ECMOa biriketako eta bihotzeko euskarri gisa erabiltzen; are gehiago, Covid 19ko pandemian eta A gripeko pandemietan pazienteei mota horretako inplanteak egiten gehien lagundu duen Europako osasun-zentroetako bat da.
Ildo horretatik, pediatriako paziente bat garraiatu du ekipoak lehen aldiz, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaletik, eta nabarmentzekoa da adin guztietako pazienteei tratamendua eman ahal izateko erakutsi duen egokitzeko eta zerbitzuak zabaltzeko gaitasuna.