Nerea Melgosak: “Familia ugariek eta Eusko Jaurlaritzak Haur eta Nerabeen Legearen garapena eta Haurrak eta Nerabeak Bermatzeko Estrategia partekatuko dituzte”

0
  • Hirukideren Bilboko egoitza berriaren inaugurazioa

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Haur eta Nerabeen Legearen eta Haurrak eta Nerabeak Bermatzeko Estrategiaren garapenean Euskadiko familia ugariek eta Eusko Jaurlaritzak partekatuko dituzten erronkak azpimarratu ditu gaur goizean, Hirukideren Bilboko egoitza berriaren inaugurazioan.

Juan Maria Aburto alkatea, Iñigo Abreu Hirukideko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Javier Velasco, Mario Yoldi eta beste hainbat ordezkari instituzional eta sozial lagun zituela, Melgosa sailburua egoitza berriko bulegoetan ibili da, eta nabarmendu du “Hirukidek bidean lagun izaten jarraitzeko borondatea; izan ere, Euskadin, 30.000 familia inguru dira familia ugarien titulua dutenak, eta elkarteak aitortu eta lagundu egiten du haien behar eta aldarrikapenetan”.

Hirukideren 25. urteurreneko ekitaldien barruan, duela aste batzuk Zarautzen eta Gasteizen bezala, Melgosa sailburuak zorionak eman dizkie Javier Velascori eta Iñigo Abreuri, lokal berriaren inaugurazioagatik eta elkartearen jarduera emankorragatik.

Hirukiderekin dugun harremana etengabea da, eta azken legegintzaldi hau bereziki pozgarria izaten ari da. Hurrengoa ere ilusioz betea izango da. Haur eta Nerabeen Legearen eta Haurrak eta Nerabeak Bermatzeko Estrategiaren garapenarekin erronka garrantzitsuak ditugu aurretik” nabarmendu du Melgosak.