Euskalmeten arabera maiatza bustia eta hotza izan da

0
  • Hil honetan erregistratu diren datuek hautsi egiten dute urte hasieratik izan diren hilabete bero edo oso beroen sekuentzia
  • Mendea hasi zenetik, bosgarren maiatzik euritsuena izan da, eta 2013ko maiatzean erregistratu ziren antzeko kopuruak

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, maiatza bustia eta hotza izan da, eta horrek hautsi egin du urte hasieratik nagusi izan den joera, orain arteko hilabeteak beroak edo oso beroak izan baitira. Alde horretatik, 2013tik izan den maiatzik euritsuena izan da, urte horretan erregistratu baitziren antzeko kopuruak.

Horrela, prezipitazioei dagokienez, baliorik handienak Gipuzkoa ipar-ekialdean, Donostialdean, erregistratu ziren (Eskas 249,3 l/m², Ereñozu 200, Andoain 195,2, Lasarte 193,9 eta Miramon 189,7). Baliorik baxuenak, 100l/m²-tik beherakoak, aldiz, Araba hegoaldean (Páganos 42.8 l/m², Subijana 65,7, Moreda 68,37, Zambrana 84,3 eta Nanclares 84,3).

Euri-egunen kopuruak batez besteko klimatologikoa gainditu du, bereziki kantauriar isurialdean, 15-18 egunetan egin baitzuen euria, eta Araba barnealdean, aldiz, 10 egunetan.

Euskalmeten arabera, maiatzeko batez besteko tenperaturak hotzak izan dira. Berez, kostaldean 14-15 ºC-an ibili ziren, Arabako Lautadan 12 ºC inguruan, 1991-2020 batez besteko normalaren azpitik 0,7 ºC. Berez, eguneko tenperaturen bilakaeran bi aldi bereizten dira: lehenengo hamabostaldian egun beroak eta hotzak txandakatu ziren, eta bigarrenean, aldiz, azken horien nagusitasuna ia erabatekoa izan zen.

Hilabeteko tenperaturarik altuenak hilaren 10aren inguruan erregistratu ziren, eta egun horretan bakarrik iritsi ziren 30 ºC-ra, zehazki kantauriar haranetan (Elorrio 31,1 ºC, Zizurkil 31,1, Igorre 30,8, Areta 30,6, Amorebieta 30,2 eta Arrasate 30).

Aitzitik, lehenengo hiru egunetan erregistratu ziren tenperatura minimo baxuenak. Horrela, estazio bakar batean ere ez ziren gainditu 10 ºC-ak. Gainera, hilaren 2an izotza egin zuen, hil honetako bakarra eta, ziurrenik, denboraldiko azkena. Izotz ahulak izan ziren eta Araba hegoaldeko zenbait tokitara mugatuak (Subijana -1,5 ºC, Pagoeta -0,7, Espejo -0,5, Tobillas -0,3). Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa batez besteko klimatologikotik hurbil ibili da. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 158 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 198 eta Gasteizek 185.

Orokorrean, maiatza oso hilabete lasaia izan da meteorologia kaltegarriari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, 5 abisu hori baino ez ditu aktibatu, guztiak prezipitazio ugariengatik. Aipagarri bakarrak, oso mugatuak izan ziren arren, hilaren 19an erregistratu ziren Goierrin, eta, esate baterako, euri-jasak eta txingorrak uholdeak eragin zituen Lazkaon.