Lehen Mailako Arretako ordutegiak osasun-zentroetan 2024ko udan

0
  • Osakidetzak, urtero bezala, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetako lanaldiak eta ordutegiak egokituko ditu aste honetatik aurrera, uda garaian izaten den eskari txikiagora egokitzeko eta profesionalei atseden hartzeko eskubidea errazteko
  • Osakidetzako Lehen Mailako Arretako asistentzia-sare zabalak, etengabeko arretako guneekin (EAG), larrialdietako zerbitzuekin eta etxez etxeko arretarekin batera, bermatu egiten dute udako hilabeteetako Osakidetzako osasun-arreta euskal populazioarentzat

Osakidetzak, oporraldi guztietan bezala, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroen ordutegiak egokituko ditu udako oporretan, kalitatezko osasun-laguntza profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo zerbitzu-eskaera txikiagoarekin bateragarri egiteko.

Osakidetza bere jardun-egutegia amaitzen ari da, sindikatuei gaur mahai sektorialean aurkezteko eta, hala badagokio, langileen lan-baldintzak negoziatzeko, baldin eta eraginik izango balute.

Une honetan, aurreikuspenen arabera, Euskadiko Lehen Mailako Arretako 339 osasun-zentroetatik 155ek lanaldiak eta ordutegiak mantenduko dituzte; 72 zentrok itxiera-ordutegia aurreratuko dute, kasu gehienetan 20:00etatik 17:00etara; 44 kontsultategik udako hilabeteetako egun batzuk itxiko dituzte unean-unean; 58 kontsultategitan oraindik ez da behin betiko lanaldien eta ordutegien plangintza itxi; eta 10 kontsultategi uda osoan zehar itxiko dira; horiek guztiak, normalean, astean ordubete baino ematen ez duten zentroak dira.

Asistentzia-eskaera txikiagoa da eguraldi ona nagusi den garaietan eta arnas aparatuko gaixotasunen presentzia murrizten denean, eta dena den Osakidetzako Lehen Mailako Arretako asistentzia-sare zabalak, etengabeko arretako guneekin (EAG), larrialdietako zerbitzuekin eta etxez etxeko arretarekin batera, bermatu egiten dute udako hilabeteetako Osakidetzako osasun-arreta euskal populazioarentzat.