350.000 euro STEAM hezkuntzako berrikuntza-proietuak garatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, itunpeko ikastetxeek 2024-2025 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak gara ditzaten dirulaguntzak ematen dituen Agindua.

350.000 euroko diru kopurua duen deialdi honen helburua da, Euskadin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxeetan 2024-2025 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak garatzea (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics).

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren baitan kokatzen da. Aipaturiko estrategia horren helburuak honako hauek dira: hezkuntza-etapa guztietan hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, horretarako eragile sozioekonomikoak inplikatuz; STEM eremuan bokazio eta asmo profesionalak inspiratzea, arreta berezia jarriz neskengan; eta euskal herritarren artean kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Laguntza hauek eskuratzeko interesa duten ikastetxeek STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektu bat aurkeztu beharko dute, 2024-2025 ikasturtean beren geletan garatuko dutena. Proiektu horiek gorago adierazitako helburuak bete beharko dituzte. Proiektuen ezaugarrien artean, aipatzekoa da, ikasleei ebatzi beharreko erronka edo arazo bat planteatzen dieten egoeretan oinarrituko direla proiektuok, bizitzako hainbat arlorekin lotuta (pertsonala, soziala, globala, lanekoa). Gainera, honako printzipio hauek hartu beharko dituzte kontuan: ikasgaien irakaskuntza integratua (diziplinartekotasuna), STEAM eremuari lotutako gaitasunen garapena, ikerketan/arakatzean oinarritutako ikaskuntza, genero ikuspegia, ekitatea, eta STEAM lanbide-bokazioetan oinarritutako ikaskuntza.

2023-2024 ikasturtean, deialdi honen bidez, itunpeko ikastetxeek aurkeztutako 104 proiektu finantzatu ditu Hezkuntza Sailak. Sare publikoan berriz, 169 proiektu izan dira finantzatuak ikasturte honetan.