Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Bretxa, Lorategi Hiriko Urbanizazioa, Rotetako kolektoreak berritzea, ONCEren kioskoak
Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Udalaren eta Sprilur SAren (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publikoa) artean egindako Lankidetza Hitzarmena onartu du, Eskuzaitzeta eremuaren garapena eta gauzatzea burutzeko.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, «gure lurraldearen garapen ekonomikorako hain garrantzitsua den eremu honen hirugarren eta azken urbanizazio fasea da. Aurreko bi faseetako urbanizazio-obrak ia amaituta daude, eta poligonoaren ekialdea urbanizatzeko obrak garatzea eta gauzatzea baino ez da geratzen».
Hitzarmenak, besteak beste, honako eduki hau jasotzen du:
-
- a) Alde batetik, udalak Sprilur SAri eremuan oraindik geratzen zaizkion udal-titulartasuneko lurzati guztiak eskualdatzeko obligazio-konpromisoa jasotzen du.
b) Bestetik, Sprilurrek eremuaren urbanizazio-obra guztiak bere kontura egiteko betebeharra eta konpromisoa ezartzen ditu, multzoa osatze aldera.
Lurzatiak epe laburrean eskualdatzea aurreikusten da, hitzarmena formalizatzen denetik gehienez 2 hilabeteko epean. Salerosketaren prezioa, 7.300.000 euro gehi BEZa, Sprilur SAk ordainduko dio Udalari, lurzatien salerosketaren eskritura publikoa formalizatzearekin batera.
Hiri Lorategiaren urbanizazioa
Tokiko Gobernu Batzarrak Ciudad Jardín ABEEari, -Urbycolan, SL-k eta Gailur Taldea Eeraikuntzak, SL-k osatutakoa-, Loiolako Hiri Lorategia urbanizatzeko proiektuari dagozkion obren kontratua esleitzea onartu du, 12.928.048 euroko aurrekontuarekin eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Hiri Lorategia 66.896 m²-ko espazioa da, non 264 etxebizitza berri eraikitzen ari diren ( % 40, babestuak), eta horietatik 6.000 m² hirugarren sektoreko erabileretarako, ekipamenduetarako, kirol-kantxetarako eta aparkaleku baterako bideratuko dira. Gainera, azaleraren % 42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, eremua ingurunearekin lotzen laguntzeko.
Rotetako kolektoreak berritzea
Tokiko Gobernu Batzarrak Rotetako (Altza) hiri-berroneratze integralerako eta udal-zerbitzuak berritzeko obren proiektua onartu du, 3.191.725 euroko aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Proiektuaren xedea da kolektore berriak jartzea, euri-uren kolektore baten eta ur beltzen kolektore baten bidez sare bereizgarri bat egiteko. Horrela, egungo adarren trazadurak ezabatuko dira, baldintza txarretan baitaude, euri-uren kudeaketa jasangarrirako drainatze jasangarriko hiri-sistemak gehituta.
ONCEren kioskoak
Tokiko Gobernu Batzarrak Karmengo Andre Mariaren kaleko 15. zenbakian, Urbieta kaleko 64. zenbakian eta Matia kaleko 2. zenbakian dauden kioskoak kentzeko baimena ematea onartu du, ONCEk kiosko horien jabari-emakidei uko egitea onartu ondoren.
Donostiako Udalak 2018an eman zuen loteria-kupoiak saltzeko ONCEri espazio horiek modu pribatiboan erabiltzeko administrazio-emakida, baina merkatuak azken urteetan izandako aldaketen ondorioz, eta emakidan ezarritakoa betez, hiru kiosko horiek behin betiko kentzeko eskatu dio Ondare Zerbitzuari.