Eusko Jaurlaritzak 1,07 milioi euro bideratuko ditu bizitegi-eraikinen sektoreko berrikuntzarako laguntzetara

0

Gobernu Kontseiluak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eskatuta, Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren sektorean eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea, jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzeko Eraikal programaren laguntzen deialdia egiteko agindua onartu du.

Aginduak bost jarduera-ildo ditu, eta dirulaguntza jaso dezakete. Aurrekontua, guztira, 1,07 milioi eurokoa da urte honetarako. Eraikal laguntzak honako sektore hauetako erakunde eta profesionalentzat dira: egoitza-eraikinen eraikuntza eta eraberritzea, arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzu teknikoak, kalitate-kontroleko erakundeak, higiezinen sustapena eta enpresen eta profesionalen taldeak edo elkarteak, besteak beste.

  • Lehenengo ildoa eraikuntzaren kalitatea hobetzeko berrikuntza-proiektu edo -azterketetara bideratuta dago, bai eraikin berrietara (eraginkortasun energetikoa, Eraikuntzako Kode Teknikoaren aplikazioa, proiektuaren eta obraren kontrola, etab.) bai lehendik daudenak birgaitzera (domotikako soluzioen aplikazioa, kontserbazioari buruzko azterlanak, irisgarritasunaren hobekuntza, etab.) bai etxebizitzen bizigarritasunari buruzko analisietara, besteak beste.
  • Bigarren ildoak tresna edo plataforma informatikoen garapena –kode irekikoak izateko ezinbesteko betekizunarekin– eta sektorearen etengabeko prestakuntza bultzatzen ditu.
  • Hirugarren ildoak bizitegi-eraikuntzan kudeaketa-sistemen ezarpena eta ziurtapena (BIM, ISO, etab.) sustatzea du helburu.
  • Laugarren ildoa eraginkortasun energetikoarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ziurtagiriak ezartzera bideratuta dago (LEED edo Passivhaus, esaterako).
  • Bosgarren ildoak bizitegi-eraikinetan prozesuen industrializazioa azpimarratzen du, azterlanak, proiektuak eta prototipoak edo eraikin pilotuen zatiak sortuz, horiek aztertu eta monitorizatzeko.

Erakunde interesdunek bi hilabetez aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak –memoria bat, aurrekontu bat eta zabalkunde-plan bat barne–, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta diruz lagundutako jarduerak 2026ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.