Eusko Jaurlaritzak 13 ikastetxeri eman die “Eskola Jasangarriak” ziurtagiria

0
  • Egiaztatutako ikastetxeek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskola-sarea osatzen dute, eta bertan elkarrekin bultzatzen dute jasangarritasunerako hezkuntza
  • Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak nabarmendu du euskal hezkuntza-komunitateak Euskadiko ingurumenaren etorkizunaren eta jasangarritasunaren alde duen konpromisoa
  • Aitorpen-ekitaldia Ekoetxea Urdaibai zentroan egin da Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, eta ingurune naturaletan hondakinak biltzeko herritarrei zuzendutako kanpaina berri bat bultzatzeko balioko du

Eusko Jaurlaritzako 2030eko Eskola Agenda programan parte hartu duten hamahiru ikastetxek jaso dute gaur goizean “Eskola Jasangarriak” ziurtagiria, eskola jasangarriak eta berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren aldeko horien apustua aitortzen dituena. Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordea, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarekin batera, izan dira gaur goizean, mundu osoan ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, Ekoetxea Urdaibai zentroan (Busturia) ziurtagiriak banatzeko egin den ekitaldian.

Ziurtagiri hau duten ikastetxe publiko eta itunpekoek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskolen sarea osatzen dute, eta horietako irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek elkarrekin bultzatzen dute jasangarritasunerako hezkuntza. Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak bere esku-hartzean nabarmendu du euskal hezkuntza-komunitateak Euskadiko ingurumenaren etorkizunaren eta jasangarritasunaren alde duen konpromisoa. Bestalde, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak nabarmendu du ziurtagiri honek duen garrantzia, euren lana, prozedurak, esperientziak eta, azken batean, ikastetxeek hezkuntzari, parte-hartzeari eta jasangarritasunari dagokienez duten kalitatea aitortzen baititu.

Ekitaldian ikasleek eta irakasleek parte hartu dute, eta haiekin batera Eusko Jaurlaritzak aitortutako ikastetxeak dauden herrietako udal-ordezkari eta alkateak ere izan dira.  2030eko Eskola Agendaren “Eskola Jasangarri” ziurtagiria jaso duten ikastetxeak 11 udalerritakoak dira:

Arabako 2 ikastetxe: Legutio, Gasteiz

Bizkaiko 9 ikastetxe: Bilbo, Durango, Getxo, Lekeitio, Markina, Muskiz, Zaldibar

Gipuzkoako 2 ikastetxe: Hondarribia, Zarautz

Ingurumenaren Mundu Eguna  

“Eskola Jasangarria” ziurtagiria emateko ekitaldia Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta egiten da. Nazio Batuek 1972n ezarri zuten egun hori, eta Euskadiko Ingurumen Zentroen Ekoetxea Sarearen aldetik ingurune naturaletan hondakinak biltzeko herritarrei zuzendutako kanpaina berrirako esparrua izango da. Ihobek, Eusko Jaurlaritzako ingurumena kudeatzeko sozietate publikoak, kudeatzen du, eta, horrez gainera, Let´s Clean Up Euskadi 2024 kanpainako Euskadiko erakunde eta ikastetxeen parte hartzea ere koordinatzen du, parte hartzen duten erakundeak eta herritarrak lurzoru osasungarria eta hondakinik gabea mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.

Informazio gehiago eta izen-emateak Ekoetxea Sarearen (www.ekoetxea.eus) eta Ihoberen web-orrietan (https://www.ihobe.eus).

Eskola Jasangarriak 2024

CENTRO EDUCATIVO LOCALIDAD
CPEIPS Olabide Ikastola HLBHIP VITORIA-GASTEIZ
CEIP Garazi HLHI LEGUTIO
CPEPS Jesuitak Indautxu LBHIP BILBO
CPEIPS Kirikiño Ikastola HLBHIP BLBO
CPEIPS Madre De Dios HLBHIP BILBO
CPEIPS San Jose-Jesuitak HLBHIP DURANGO
CEIP Zubileta HLHI GETXO
IES Lekeitio BHI LEKEITIO
CPEIPS Bera-Kruz Ikastola HLBHIP MARKINA
CPEIP San Juan Ikastetxea HLHIP MUSKIZ
CEIP Zaldibar HLHI ZALDIBAR
CEIP Talaia HLHI HONDARRIBIA
CPEIPS Salbatore Mitxelena HLBHIP ZARAUTZ