Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko itsas kultura-ondarea osatzen duten itsasontziak eta ekitaldiak babesteko eta ezagutzera emateko jarduerak sustatzeko dirulaguntzen deialdia, haien balio historiko, etnografiko, arkeologiko edo sozialean oinarrituta. Guztira 150.000 euro banatuko dira diruz lagundu daitezkeen lau jardun-ildo hauetan sartzen diren proiektuen artean:
- Zurezko ontzietan egindako lanak, musealizatzeko (50.000 euro).
- Jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak armatzea eta prest jartzea (60.000 euro).
- Pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen jabetzako zurezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak, lizentziak izapidetzeko gastuak, euskal portuetako atrakaleku egonkorren gastuak eta itsasontziaren nabigaziorako baimenak barne (20.000 euro).
- Zurezko itsas kultura-ondarea balioan jartzeko elkarte edo erakunde publiko edo pribatuek egindako ekitaldiak (20.000 euro).
Diruz lagundu daitezkeen proiektuak 2024an hasitakoak edo hasiko direnak izan beharko dira, eta gehienez ere abenduaren 31ra arte gauzatu beharko dira. 2023ko deialdian itsas kultura-ondarea balioan jartzeko 22 proiektu lagundu ziren diruz.