Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskadin egiten diren goi-mailako kirol lehiaketen antolaketa diruz laguntzen du eta horretarako 200.000 euroko diru partida onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Goi-mailako kirol lehiaketatzat joko dira nazioarteko eremua eta izaera duten lehiaketak eta deialdi honetatik kanpo geratuko dira kirol-erakusketa edo ikuskizunak eta nazioarteko eremu eta izaera hori ez dutenak. Honako hauek dira lagundu daitezkeen jarduerak:
- Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egotea.
- Mundu-mailako lehiaketetan, bi kontinentetako edo gehiagotako kirolariek parte hartzea.
- Lehiaketa guztietan, bi herrialdetako eta gehiagotako kirolariek parte hartzea.
- Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketetan, bi herrialdetan edo gehiagotan antolatzea.
- Tenisaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.
- Surfaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.
- Boxeoaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: nazioarteko titulu ofizial bat lor daitekeen goi-mailako kirol-lehiaketak.
Gaur onartu den deialdiaren bitartez 2024ko ekitaldiko gastuak finantzatu ahal izango dira. Dirulaguntza eskatzeko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2023ko deialdian 27 goi mailako kirol proba lagundu ziren diruz besteak beste Bilbao Night Marathon, Igorreko Nazioarteko ziklokrossa, Gran Premio Ciudad de Eibar, Araba World Tennis Tour Femenino, Durango-Durango Emakumeen Saria, Juan Muguerza Nazioarteko Krosa, Uliako Gimnastika Proba eta Ordiziako Klasika.