Garazik Athletic Cluben agur esango dio futbolari

0

Getxoko atzelariak 10 urte lehoi gisa jokatzen aritu ostean (178 partida) eta Ligako titulu bat erdietsi duelarik Lezamari agur esango dio

Bizitza osoa Athletic Clubi eskaini ostean, Garazi Muruak futbol ibilbideari amaiera ematea erabaki du. 2011n Lezamara iritsi zenetik, hamar denboraldi eta 178 partida jokatu ditu, guztietan kamisetarekiko duen errespetua, maitasuna eta grina erakusten. Gauzak horrela, ligako azken txapeldunetako batek, 29 urterekin, taldea utziko du. Klubak handi egiten dituen jokalari horietako bat, penalti jaurtiketetan espezialista den erdiko atzelaria, 8 gol erdietsi dituena.

Getxotarrak Andra Mari Ikastolan eta Bizkerre FT taldean eman zizkion lehen ostikoak baloiari, eta 15 urterekin klub zuri-gorriaren bigarren taldearekin jokatzen hasi zen. Lehen taldera iritsi baino lehen, bost hilabetez unibertsitate ligako esperientzia probatuko zuen East Tennessee State University-ren eskutik, lehendik ezagutzen zuen herrialde batean, Estatu Batuetan, atzelaria haurtzaroan Nevadan bizi izan baitzen.

Maila gorenean debuta egiteko eguna 2014-15 denboraldiko bigarren itzulian Juanlu Fuentesen eskutik iritsi zitzaion, UD Collerenseren aurka, lehoiek garaipen argia (6-0) lortu zuten egunean. Hurrengo denboraldian, talde zuri-gorriak denboraldi gogoangarria osatu eta ligako titulua eskuratu zuen. Garazi Murua, ikasturte arrakastatsu hartako partida guztiak jokatu zituena, Lehen Mailan finkatu zen, Irene Paredesekin lehenik eta Vanesa Gimbertekin gero tandem bikaina osatu eta erdiko atzelarien bikote ahaztezina osatu zuelarik.

Ordutik, eta hernia diskal batek defentsa geldiarazi eta 2023ko martxoan ebakuntza-gelatik pasarazi arte, Garazik gogoa eta oldarkortasuna erakutsi du norgehiagoka bakoitzean. Urte askoan lehen taldeko kapitainaren besokoa eraman du eta bere izaerak jokalekuaren mugak gainditu ditu. Bere fideltasunaren balioak Fundazioaren ekimenetan aktiboki parte hartu duen bakoitzean ere ondo baino hobeto irudikatu ditu.

Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna, Garazik gazte adinean, baina beterano gisa agur esango dio futbolari eta bere botak Lezamako etorkizuneko belaunaldien esku utziko ditu. Egun batean bera futbolari sentitzen hasi zen haztegian eta orain neska gazteek eta helduek dituzten baldintza paregabeak gozatzen dituzten tokian.

Datorren igandean, ekainaren 16an (17:00etan), San Mamesen, Muruak gola sartu duen eta Txapeldunen Liga ere jokatu duen zelai zoragarriko athleticzaleek futbolari enblematikoari agur esateko aukera izango dute.

Athletic Clubetik eskerrak eman nahi dizkiogu Garaziri, bere amaierara iristen ari den aro zuri-gorri honetan erakutsi duen dedikazio eta profesionaltasunagatik, baita aurrerantzean bere ibilbide pertsonal eta profesionalean zorterik onena opa ere.