Gobernu Kontseiluak 73 milioi euro bideratzea onartu du Emaitek Plus 2024 laguntza-programa garatzeko

0
  • Ekimena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik abiatzen da, eta foku anitzeko zentro teknologikoen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko ikerketa kooperatiboko zentroen jarduera ez-ekonomikoari laguntzea du helburu.

Gobernu Kontseiluak, gaur goizean egindako bilkuran, argi berdea eman dio aurtengo ekitaldiari dagokion Emaitek Plus laguntza-programaren deialdiari, 73 milioi eurokoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko foku anitzeko zentro teknologikoen eta IKZ ikerketa kooperatiboko zentroen jarduera ez-ekonomikoari laguntza eman nahi dio.

Eskabideak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko uztailaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira, egoitza elektronikoaren bidez bakarrik.

BESTE AKORDIO BATZUK

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proposatuta, hiru milioi euroko laguntza onartu du Eusko Jaurlaritzak 2024-2026 aldian Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, haien zabalkundea egiteko eta haien balioa nabarmentzeko. Diru kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako administrazioek beren aurrekontu-sailetatik xede horretarako bideratu behar duten % 1etik eratortzen da. Jarduerak 2024ko urtarriletik 2026ko azarora bitartean burutu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurreko deialdian 22 proiektu lagundu ziren diruz.

Halaber, 150.000 euroko dirulaguntzen deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak, itsas kultura-ondarea osatzen duten itsasontziak eta ekitaldiak babesteko eta ezagutzera emateko jarduerak sustatzeko, haien balio historiko, etnografiko, arkeologiko edo sozialean oinarrituta. Diruz lagundu daitezkeen proiektuak 2024an hasitakoak edo hasiko direnak izan beharko dira, eta gehienez ere abenduaren 31ra arte gauzatu beharko dira.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak onartu du 1,5 milioi euro bideratzea «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitala gehitzeko. Horren erabakia otsailaren 29an egindako ezohiko bileran hartu zen  eta, horrekin, Eusko Jaurlaritzak 63,8 milioi euroko partaidetza izango du sozietate horretan, hau da, kapital sozialaren % 50. Gainerako % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.

Halaber, 200.000 euroko partida bat onartu du, Euskadin egiten diren goi-mailako kirol lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko, eta, zehazki, 2024ko ekitaldiko nazioarteko lehiaketen gastuekin laguntzeko. Dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. 2023ko deialdian goi mailako 27 kirol proba lagundu ziren diruz.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren sektorean eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea, jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzeko Eraikal programako laguntzen deialdia onartu du, milioi bat eurotik gorako aurrekontuarekin. Erakunde interesdunek bi hilabetez aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta diruz lagundutako jarduerak 2026ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

Berdintasunaren, Justiziaren eta Gizarte Politiken arloan, Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko dirulaguntza onartu du Nigerko eta Sahel eskualdeko programa humanitarioetan parte hartzea eta lidergoa bultzatzeko. Laguntza hori eLankidetza-Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren bidez bideratuko da. Ekimenak eLankidetzaren lehentasun estrategikoei erantzuten die, eta, bereziki, Ekintza Humanitarioko Estrategian jasotako partaidetzaren, kontu-ematearen eta kokapenaren aldeko apustuei.

Halaber, Segurtasunaren arloan, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio larrialdien eta babes zibilaren arloan Euskadiko Gurutze Gorriarekin lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzeari, eta horrek bi aldeek 2019an sinatutako indarreko akordioa eguneratzea dakar. Dokumentu berriari esker, Euskadiko Gurutze Gorriaren Batzorde Autonomikoaren programak eta ekintzak hobeto koordinatu ahal izango dira Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemaren programa eta ekintzekin. Horretarako, hitzarmenak 470.000 eurotik gorako dirulaguntza izenduna aurreikusten du.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak erabaki-proposamena onartu du, Donostiako Udalaren Donostia Sustapena sozietateari zuzeneko dirulaguntza emateko, merkataritza-sektorearen berrikuntza-hubaren esparruan ekintzailetzarako eta merkataritza suspertzeko Ekindendak proiektuan lankidetzan aritzeko.

Azkenik, Hezkuntza Sailak proposatuta, guztira 4,4 milioi euro baino gehiago onartu ditu Gobernu Kontseiluak hainbat laguntza-programa garatzeko.

Prentsa Dosierra

Gai-zerrenda