Hezkuntza sailak 2,2 milioi euro bideratu ditu Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan makinak eta ekimipamendua eskuratu edo errentan hartzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako arloan dirulaguntzak deitzen dituen Agindu bat. Honen bidez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeek makinak edota ekipamendua erosi edo errentan har dezaten dirulaguntzak ematen ditu Hezkuntza Sailak.

2.217.487 euroko diru-kopurua duen deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea, makineria edota ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kuotak finantzatzeko, bai eta makina edo ekipamendu horrek eragindako instalazio-gastuak finantzatzeko ere. Deaialdi honek bi lerro bereizten ditu, jarduera-eremuaren arabera:

  1. eremua: modalitate presentzial osoan ezarritako Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei zuzendua, heziketa-zikloak emateko beharrezkoak diren makinak eta/edo ekipamendua eguneratzeko. Eremu honek milioi bat euroko kopurua du.
  2. eremua: eremu hau ere modalitate presentzial osoan ezarritako Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten ikastetxe integratu itunduei zuzendua da, baina 4.0 eta 5.0 inguruneen erronkei erantzungo dieten eta eraldaketa digitalerako eta Lanbide Heziketaren jasangarritasunerako planak ezarriko dituzten proiektuei ekiteko, kasu honetan. Eremu honek 1.217.487 euroko finantzazioa du.

Ikastetxeetatik jasoriko finantzazio eskaeren balorazioa egiteko, lehen eremuan, batzordeak kontuan hartuko dituen irizpideak honakoak dira, besteak beste: eskaera egiten duen ikastetxeak eskaintzen duen ziklo kopurua; ziklo horietan matrikulaturiko ikasle kopurua; erronketan oinarritutako ETHAZI ikaskuntza-metodologiak ikastetxean duen ezarpen-maila; edo ikastetxearen parte hartzea Hezkuntza Sailak bultzatutako ekintzailetza-programetan.

Bigarren esparrurako, berriz, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan balorazioa egiteko: eskuratutako ekipamenduaren egokitasuna, 4.0 eta 5.0 inguruneko berezko teknologiak inplementatzeko (errealitate areagotua edo birtuala, 5G sareak, elkarlaneko robotika, fabrikazio gehigarria, Internet industriala, sistema ziber-fisikoak, zibersegurtasuna, biki digitala, robotikari aplikatutako fabrikazio gehigarria…); ekipamendu horrek ikastetxean izango duen irismena; inbertsioak ikasleen eta irakasleen artean izango duen eragina; diruz lagundutako makineriak ikastetxean abiatutako proiektuekin duen lotura; edo teknologia hauetan irakasleak prestatzeko planak.

Eguneratzea

Adimen artifiziala, robotika, droneak, 3D inprimagailuak, gauzen Internet, errealitate birtuala, sare digitalak eta gisa horretako berrikuntzak ondasunen eta zerbitzuen ohiko trukea erabat aldatzen ari diren fenomenoak dira gaur egun. Horiek guztiek, erronka handiak dakartzate enpresa-sektoreetara eta pertsonen prestakuntzara.

Testuinguru horretan, Euskadiko Lanbide Heziketak erronka handi bati heldu dio: pertsonei laguntzea eta prestakuntza ematea eraldaketa horretara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak eta jarrerak gara ditzaten. Erronka horren aurrean, pertsonen enplegagarritasunerako eta enpresen lehiakortasunerako funtsezko bidelaguna denez, Lanbide Heziketak etengabe eraldatzen jarraitu behar du, abangoardia teknologikoari eutsi behar dio eta ingurune adimendunetan murgiltzea sendotu behar du, ikasleek teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneetan esperimentatzeko aukera izan dezaten, 5.0 soluzioen bidez.

Joan den urtean, deialdi honen bidez, Lanbide Heziketako itunpeko 60 ikastetxek jaso zituzten laguntza ekonomiko hauek lehen eremuan, eta 8 ikastetxek 2. eremuan.