Hezkuntza sailak 930.000 euro bideratu ditu bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bizialdi osoko ikaskuntzako jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia egiten duen Agindua. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du.

Deialdi honek bizialdi osoko ikaskuntzako bi jarduera mota laguntzen ditu diruz. Jarduera horiek ezagutzaren edozein arlotakoak izan daitezke, betiere helduen ezagutza, konpetentzia eta gaitasun-maila zabaltzeko eta herritar aktiboak sustatzea helburu hartuta:

  • Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak (180.000 euro).
  • Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak (750.000 euro).

Onartuak gertatzen diren proiektuek, eta ondorioz deialdi honen bidezko finantzazioa eskuratzen dutenek, 2024an zehar hasi beharko dute, eta 2025eko uztailaren 31ra bitartean garatu ahal izango dira. Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuak; udalak; tokiko edo eskualdeko garapen agentziak; euren helburu sozialen artean formazioa duten udal-elkargoak; Euskadin egoitza duten unibertsitateak; bizialdi osoko ikaskuntzaren arloan jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak; eta euren helburuen artean formazioa duten merkataritza-elkarteak edo ekonomia sozialeko elkarteak.

Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango dira, laguntzaren xede den jarduera garatzeko zuzenean inplikatuta dauden eta ezinbestekoak diren langileen gastuak, bai eta diruz lagundutako jarduera garatzetik zuzenean eratorritako funtzionamendu-gastuak ere.

2022an, aurreko deialdiaren bidez, 20 erakundek aurkeztutako 35 proiektu lagundu ziren diruz.

Bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruko jardueren eskaintza zabala izateak aukera ematen die herritarrei ezagutzak lantzeko eta eguneratzeko, baita gaitasun profesionalak hobetzeko ere. Era horretan, enplegagarritasuna hobetzeko eta ongizate sozial zein ekonomikoan aurrera egiteko bideak ere zabaltzen zaizkio gizarteari.