Denboraldi honetan debutatu duten jokalariek 4.000 minutu baino gehiago batu dituzte elitean

0
PRUEBA

Sei lehoikumek egin dute debuta azken denboraldi honetan Ernesto Valverderen aginduetara: Unai Gomez, Imanol Garcia de Albeniz, Beñat Prados, Unai Egiluz, Mikel Jauregizar eta Aingeru Olabarrieta

Beti da berezia lehoikumea lehoi bihurtzen den unea. Aurten, Ernesto Valverderen aginduetara, harrobiko dozena erdi jokalarik sentitu ahal izan dute une hori Lezaman eta guztien artean, 88 parte-hartze eta 4.000 minututik gora batu dituzte elitean.

Debutatzen lehenak Unai Gomez eta Imanol Garcia de Albeniz izan ziren. Bi jokalariek minutuak izan zituzten LaLiga EA Sports 2023/24 denboraldiaren estreinaldian Real Madriden aurka, 2023ko abuztuaren 12an. Gainera, lehenengoak titular gisa egin zuen, eta are oroitzapen hunkigarriagoa izan zen. Gallartako ezkerraren kasuan, Lekue ordezkatu zuen 20 minutu pasatxo jokatzeko. Denboraldia amaitu ondoren, Unai Gomezek 33 norgehiagoka (horietatik 11 hasierako hamaikakoan) jokatu eta bi gol egin ditu; Imanolek, berriz, 10 neurketatan parte hartu du, sei hasierako hamaikakoan eta lau aulkian hasi dituelarik.

Astebete geroago, 2023ko abuztuaren 19an, txapelketa erregularraren bigarren jardunaldian, Beñat Pradosek debuta egin zuen, hain zuzen ere, Iruñean, bere jaioterrian, CA Osasunaren aurka. Imanol Garcia de Albeniz ordezkatu zuen eta maila gorenean lehen minutuak eskuin hegaleko atzelari bezala jokatu zituen, edozein postutara bikain egokitzen dela erakutsiz. Pradosen agerpena sekulakoa izan da: denboraldian zehar 23 aldiz irten da zelaira hasieratik eta maila ikusgarria erakutsi du guztira batu dituen 2.000 minutu baino gehiago eta 33 neurketatan.

Ondoren, Kopako lehen kanporaketan, 2023ko azaroaren 1ean Rubin, Unai Egiluz erdiko atzelariak debuta egin zuen. Lehoi gisa jokatu zituen lehen minutuak urdin argiz eta titular gisa izan ziren, Peru Nolaskoainekin batera defentsa osatuz. UD Rubiren aurkako partida istorio eder baten hasiera izan zen, Iker Muniainek eta Oscar De Marcosek Athletic Clubentzat 25. kopa altxatuz amaitu zena.

Kopan Mikel Jauregizar bermeotarrak ere debuta egin zuen, bigarren kanporaketan, CD Cayonen aurka Sardineron, 2023ko abenduaren 7an. Hamarkada batzuk baziren Athletic Clubeko lehen taldeak Bermeoko bizilagunik ez zuela, baina gau hartan Santanderren Jauregizarrek Bizkaiko kostaldeko bere lagun handia den Unai Gomez ordezkatu zuen. KO txapelketan garrantzitsua izan da Jauregizar. Berak lapurtu zion baloia Sergi Robertori luzapenaren lehen zatia amaitzear zegoenean, eta berak hasi zuen jokaldia Iñaki Williamsek talde zuri-gorriaren hirugarren gola sar zezan.

Azkenik, San Mameseko azken partidan, Aingeru Olabarrietak bere estreineko hamar minutuak izan zituen lehen taldearekin. Luiaondoko hagaleko trebeak bere lotsagabekeria erakutsi zuen bataio profesionalean, emozioz beteriko partida batean, Iker Muniain eta Raul Garcia mitoek gol bana sartuz agur esan eta Oscar de Marcos kapitain berriak kontratu berritu baitzuen.