Etxebizitza Sailak Europan 17 deialdiko sariak banatu ditu, Eibarko lantegi zahar bat zuzkidura bizitokietan bihurtzeko

0

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak, Pablo García Astrainek, Eusko Jaurlaritzak oraingo deialdirako proposatu duen Europan lehiaketaren irabazleari saria eman dio asteazken honetan Asturiasen. Ulysses began his Oddysey proposamen irabazlearen lantaldea Miguel Ángel Díaz González eta Ignacio Hornillos Cardenas buru ditu eta Eibarren proiektu berritzaile bat burutuko dute.

Lehiaketa bi urtez behin egiten da kontinente osoko arkitekturaren arloko profesional gazteei -40 urterarte- zuzenduta. Oraingoan Eibar izan da aukeratutako herria, eta lantegi zahar batean zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko soluzio arkitektoniko berriak urratzeko proposamena egin da. Bizitokiak, eraikitzen direnean, gazteen esku jarriko dira alokairuan. Eibarko deialdi honetarako berrogeita hamar proposamen jaso dira aurten.

Eibarko Udalarekin lankidetzan proposatu den proiektuak erabiltzen ez den eraikin bat, hiriaren hego-ekialdean dagoen AIBE enpresaren garai bateko egoitza, birziklatu eta berrerabiltzeko beharra planteatzen du. Lantegi bertikal bat da, azalera gutxi hartzen du baina sei altuera ditu, guztira 2.970 m2. Etxebizitza Sailak hiriko industria-ondarea balioetsi nahi du lantegiak eta bizitegi-eraikinak dauden eremu batean.

Erronkak barne hartzen du ingurune degradatua –orografia konplexua du, kale estuak, eta bide batek eta mendi-hegal batek mugatzen dute– espazio berroneratu bihurtzea eraikinaren erabilera berriei esker. Etxebizitza Sailaren asmoa da eraikin hori elementu erakargarria izatea kokatuta dagoen auzoa, Txonta, birgaitzeko. Auzo horretan bertan, Saila auzoen hiri-berroneratze integralerako proiektu bat ari da sustatzen, eta 200 bat familiarengana iritsi da Europan 17 lehiaketara aurkeztuko den eraikinetik hurbil dagoen auzoko bulegoaren bitartez.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Europa osoko arkitektura-estudio gazteei –diziplina desberdinetako kideak dituzten taldeak izan daitezke- aurkeztu dien proposamenak eraikina inguratzen duten eremu libreak berroneratzeko beharra ere planteatzen du, horien artean gaur egun batere erabiltzen ez den aldameneko mendi-hegala. Eraikinaren beheko solairuetan auzo guztirako ekipamenduak izango lituzkeen leku bat sortzeko proposamena egiten da, gaur egun auzoan ez baitago halakorik.

Horrek bi helburu ditu: batetik, industria-ondarea berrerabiltzea eta etxebizitza bihurtzea, eta, aldi berean, herritarren egungo beharrei erantzutea. Proiektu irabazleak 12.000 euroko saria eskuratu du, eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektua garatzeko aukera eta lanak zuzentzekoa, eta bigarren planteamendu onenak (Hyper Txonta deiturikoa, Gonzalo Peña Sancho, Victoria Collar Ocampo, Jon Garbizu Etxaide eta Diego Sologuren Martinek osaturiko taldea)  6.000 euro jaso ditu.

Eusko Jaurlaritza da Europan lehiaketatik datozen proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio bakanetako bat. Etxebizitza Sailak jada 184 etxebizitza sustatu ditu Basaurin (1991) eta 84 Mina del Morron (Bilbo, 2001). Azken bi deialdiak 2019an eta 2021ean egin ziren, Lasarte-Orian ehun bat etxebizitza babestu sortzeko eta Beizaman beste hamabi; bi proiektu horietan etxebizitza produktiboaren alderdia sakontzen da, bizitzeko eta lan egiteko aukera ematen duten etxebizitza-eredu berritzaileak bilatuz, kontzeptu horien beharra areagotu egin baita pandemia-garaian.