- Construcciones Amenabar SA, Tecsa Empresa Constructora SA, Construcciones Olabarri SL eta Ondoan S. COOP enpresek osatutako ABEEa arduratuko da bloke berriaren obrak egiteaz, eta Eusko Jaurlaritzak 23 milioi euro inbertituko ditu bertan
- Obra uda honetan hastea aurreikusten da, 30 hilabeteko exekuzio-epearekin
- Eraikin berriari esker ospitale honen zerbitzu-zorroa handitu eta eguneratu ahal izango da, eskualdean bizi diren 63.000 pertsonen beharrei erantzuteko
Osakidetzak Debagoieneko Ospitalearen eraikin berriaren eraikuntza esleitu du Arrasaten. Bloke berri horrekin, osasun-baliabide modernoa emango zaio eskualdeari, eta zerbitzu-zorroa handitua eta eguneratua izango du, eremu horretako 63.000 biztanleen beharrei erantzuteko.
Aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak 23 milioi euro inbertituko dituen bloke berriaren obra uda honetan hasiko da Construcciones Amenabar SA, Tecsa Empresa Constructora SA, Construcciones Olabarri SL eta Ondoan S. COOP enpresek osatutako ABEEaren eskutik, 30 hilabeteko exekuzio-epearekin.
Eraikin berriak, besteak beste, eguneko ospitale mediko/kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, endoskopia-unitate bat, larrialdi-basea eta erresonantzia magnetiko nuklear bat hartuko ditu.
DEBAGOIENEKO OSPITALEKO ERAIKIN BERRIA
Ospitale zaharra dagoeneko eraitsi da eta berria Txaeta eta Zalduspe kaleen izkinan eraikiko da.
Jarduerak 9.300 m2-ko azalera eraikia hartzen du, sestra gaineko 5 solairutan eta sotoko 2 solairutan antolatuta, solairu bakoitzeko 1.200 m²-tik gora eraikita. Gainera, bloke berriak zuzeneko konexioa izango du kanpo-kontsulten eraikinarekin, eta, horregatik, 2.000 m² berrituko dira konektatzen den ondoko eraikinetan, eraikinen eta bertan dauden zerbitzuen arteko zirkulazioa sortzeko eta, horrela, haien elkarrekintzak hobetzeko.
Aipatutako unitateez gain, eraikinak zerbitzu osagarri eta administratiboak izango ditu, eta erreserbako solairu bat, osasun-arretan sortzen ari diren beharretara egokitu ahal izango dena. Estalkiak instalazioetako eremu tekniko gehienak izango ditu, eta sotoko bi solairuak aparkaleku gisa erabiliko dira, lehendik dauden aparkalekuetakoekin batera.
IRISGARRITASUNA ETA ERAGINKORTASUN ENERGETIKOA
Horrez gain, eta eraikitako inguruneen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, obra-proiektuak aldagailu inklusibo bat eta ostomizatutako pertsonentzat egokitutako komunak sartzea ere aurreikusten du. Gainera, eraikinak eraginkortasun energetikoaren arloko egungo araudia beteko du, eta kalifikazio energetiko gorena (A) lortuko du, bai energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoari dagokionez, bai karbono dioxidoaren isuriei dagokienez.