Elgoibarko Osasun Zentro berria martxan

0
  • Osakidetzak Atxurra Zelaieta Arquitectos S.L.P. eta Bear Arquitectos S.C.P. enpresek osatutako ABEEari esleitu dio eraikin berriaren proiektua idazteko lana, Osasun Sailak 3,6 milioi euro inbertituko ditu proiektuan
  • Etorkizuneko zentroa, funtzionalagoa eta egungo behar asistentzialetara egokitua, datorren urtean hasiko dira eraikitzen eta 24 hilabetekoa izango da exekuzio-epea

Osakidetzak Atxurra Zelaieta Arquitectos S.L.P. eta Bear Arquitectos S.C.P. enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio Elgoibarko osasun-zentro berriaren proiektua idazteko ardura. Etorkizuneko zentroak, funtzionalagoak eta egungo behar asistentzialetara egokituak, zerbitzu-zorroa handitzeko aukera emango du, Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren pertsonei (17.861 pertsona guztira) arreta hurbilagoa, kalitatezkoa eta eskuragarriagoa eskainiz.

Proiektu horretarako, Osasun Sailak 3,6 milioi euro inguruko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta aurreikusten du obrak 2025ean hasiko direla, 24 hilabeteko exekuzio-epearekin.

OSASUN ZENTRO BERRIAREN EZAUGARRIAK

Elgoibarko Osasun Zentro berriak 2.200 metro koadro inguruko azalera eraikia du, eta egungo osasun-zentroaren neurriak bikoiztuko ditu, 960 metro koadro erabilgarrirekin.

Administrazio-eremu bat, familia-medikuntzako eta pediatriako gunea, emakumeari arreta emateko gune bat, fisioterapia-gune bat, eta Osakidetzako langileentzako gune bat izango ditu. Medikuntzako eta erizaintzako 23 kontsulta inguru izango ditu; sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdi-gelak, edoskitze-gela, eta erditzea prestatzeko gela, besteak beste.

ERDIGUNEAN KOKATUA

Elgoibarko Osasun Zentroa Kalebarren plazan kokatuko da; udalerriko erreferentziazko gunea, erabiltzaileentzat irisgarria, Alde Zaharraren erdigunean, eta Elgoibarko hiru kale garrantzitsuenek ꟷSan Frantzisko kalea, Errosario kalea eta San Bartolome kaleaꟷ bat egiten duten lekuan.

Eraikina hiri-bilbe horren barruan sartzeak berekin ekarriko du ingurunearen berezko eraikuntza-ezaugarri berezietara egokitzea, bai eskala-mailan, bai materialei dagokienez, bai eraikin mugakideekin, hiri-bilbearekin eta abarrekin dituen harremanei dagokienez.