Osakidetzak Lazkaoko Osasun Zentro berria eraikitzeko prozesua hasi du

0
  • Etorkizuneko zentroaren proiektua idazteko lizitazioa egin du, handiagoa eta egungo behar asistentzialetara egokitua, arreta integratua, kalitatezkoa eta eskuragarria eskainiko duena 
  • Guztira 3 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da eta obrak datorren urtean hastea aurreikusten da, 24 hilabeteko exekuzio-epearekin

Osakidetzak Lazkaoko Osasun Zentro berria eraikitzeko prozesua hasi du, proiektuaren idazketa eta zuzendaritza lizitatu baititu. Etorkizuneko zentroak, funtzionalagoak eta egungo behar asistentzialetara egokituak, Lazkaoko eta udalerri mugakideetako biztanleria handitzearen ondorioz espazioa handitzeko beharrari erantzuten dio, baita osasun-zerbitzu berriak ezartzeari ere.

Eraikin berriak Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko Osasun Sailak hartutako konpromisoari erantzuten dio. Proiektu horretarako, 3 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da, eta aurreikusten da obrak 2025ean hasiko direla, 18-24 hilabeteko exekuzio-epearekin.

AZALERA HANDITZEA

Etorkizuneko eraikinarekin hirukoiztu egingo da osasun-arretara bideratutako espazioa, 415 m2 izatetik (2 solairutan banatuta) 1.000 m2 inguru izatera (4 solairutan banatuta, hiru sestra gainean eta bat sestra azpian).

Esku-hartze horrek egungo zentroa eraistea ekarriko du berekin, eta lurzati berean beste bloke bat eraikiko da, hirigintza-parametro egokiagoak izango dituena, egungo beharrei aurre egiteko.

Eraikitze-aldian zehar, osasun-zentroko zerbitzuak hurbileko leku batean emango direla bermatuko da, lazkaotarrei zerbitzu medikoen jarraitutasuna bermatzeko.

ZERBITZU-ZORROA

Lazkaoko Osasun Zentro berriak zerbitzu-zorroa handitzea ahalbidetuko du, Lazkaon, Ataunen eta Olaberrian bizi diren pertsonei (guztira 8.451 biztanle) arreta integratuagoa, kalitatezkoa eta eskuragarriagoa eskainiz.

Etorkizuneko eraikinak administrazio-eremu bat, familia-medikuntzako eta pediatriako gunea, emakumeari arreta emateko gune bat, fisioterapia-gune bat eta Osakidetzako langileentzako gune bat izango ditu. Medikuntzako eta erizaintzako 15 kontsulta inguru izango ditu; sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdietako gelak, edoskitze-gela, eta erditzea prestatzeko gela bat ere.