Euskadik Big Datan eta klima-aldaketan aditua den munduko ordezkaritza zientifiko eta estatistiko gorena hartu du

0
PRUEBA

 

  • Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak ezagutzaren aldeko apustua egin du, energia-trantsizioak eta klima-aldaketak dakartzaten erronkei aurre egiteko, kasu honetan BC3ren, Euskadiko Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetako baten bidez.
  • Estatistika Ofizialetarako Datuen Zientziari eta Big Datari buruzko 8. Nazioarteko Konferentzia Bilbon ari da egiten , eta datuen zientziaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren esparruko komunitate zientifikoko erreferentzia nagusiek parte hartuko dute bertan.

Klima-aldaketan eta Big Datan (metodo tradizionalen bidez prozesatzeko konplexuegiak edo luzeegiak diren datu-bolumen handiak maneiatzean) adituak diren ordezkari zientifikoak eta adituak Bilbon bilduko dira aste honetan. NBEk eta BC3k antolatutako Big Datari eta Estatistika Ofizialetarako Datu Zientziari buruzko Nazioarteko 8. Konferentzian parte hartzen duten komunitate zientifikoaren erreferentzia handienen topagune bihurtuko da Euskadi egunotan. Klima-iragarpenek, klima-ereduek edo ikerketa zientifikoak klima-aldaketaren ondorioak arintzen nola lagun dezaketen aztertuko dute besteak beste.

Euskadik, BC3ren (Basque Centre for Climate Change), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dagoen Euskadiko Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetako baten, bidez, paradigma-aldaketa bat sustatu nahi du klima-gaiei lotutako erabaki politikoak hartzeko orduan, datu integratuetatik abiatuta. Lankidetza publiko-pribatua eta bikaintasuneko ikerketaren aldeko apustua dira apustu horren osagai nagusiak. 

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, «Euskadiko politika publikoek euskal politika zientifikoan eta ikerkuntzan dute oinarria». Zehazkiago, Big Dataren eta Data Scienceren eremuan egindako ahaleginak nabarmendu ditu, «Garapen Jasangarriaren Helburuei ekarpenak egiteko balio duten datu eta tresnak sortu baitira». Eusko Jaurlaritzak BC3ren bitartez apustua egin du bikaintasunezko ikerketa garatu eta ikerketa horrek gizartean eragina izan dezan; «apustu hori Big Dataren onurak eta erronkak aztertzen espezializatu da, garapen jasangarriaren helburuei buruzko monitorizazioa eta txostenekin», azaldu du Bildarratzek. «BC3k bultzada eman dio jasangarritasun-erronkei heldu dion zientzialari eta analista politikoen belaunaldi bati. Jasangarritasunaren desafioari eta politikei ekiteko giza ereduak eta ingurumen ereduak erabiltzen dituzte”, azaldu du.

BC3: Klima-aldaketaren aurkako Euskadiko laborategia

BC3 (Basque Centre for Climate Change) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dauden BERC – Euskadiko Bikaintasunezko Ikerketa Zentroetako bat da. Bere eginkizuna krisi klimatikoari buruzko ezagutza areagotzea da. Hainbat diziplinatako 100 ikertzaile baino gehiago ari dira lanean krisi klimatikoak dituen erronkei erantzunak bilatzeko. Ekonomiaren, biologiaren, soziologiaren eta ingeniaritzaren arloko adituek indarrak batzen dituzte klima-aldaketari aurre egiteko irtenbideak asmatzeko.

BC3 gizartea gehien kezkatzen duen eta gizartearen eta ekonomiaren hainbat arlotan eraginak dituen gaietako bati aurre egiteko Euskadiko laborategi moduko bat da. Azkenaldian, 2030erako Energia eta Klima Estrategiaren neurriak aplikatzearen eraginak aztertu ditu Europako Batzordearentzat. Klima 2050 – Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiarako ekarpenak ere egin ditu, eta Munduko Bankuarekin eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearekin (FAO) lankidetzan aritu da.

Bere lan-esparru nagusiak dira zientzia klimatikoa, karbono gutxiko gizarte baten kontsumoak, ekosistemek klima-aldaketarekin duten lotura, teknologia berrien ezarpena klima-aldaketaren aurkako borrokan eta horien guztien arteko harremanetik sortzen den ezagutza integratua.

Nazioarteko irismena duen programa 

Bilbon egingo den topaketa Nazio Batuen Erakundearen bi urtez behingo jardunaldi ibiltaria da, eta edizio honetan BC3 erakundearen laguntza du. Zentroak Nazio Batuekin lankidetzan jardun du gai horietan ARIES plataformaren bidez, EUSTAT – Euskal Estatistika Erakundearekin, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioarekin eta Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) batera.

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin batera, topaketari hasiera emateko ekitaldian izan dira Imam Machdi, Indonesiako Estatistika Diputatu Ondokoa eta Big Datan eta Estatistika Ofizialetarako Datu Zientzian Nazio Batuetako Adituen Batzordeko bitarteko presidentea, Kazumi Ogawa NBE-Habitat Europako Programen arduraduna, María José Sanz BC3ko zuzendari zientifikoa eta Elena Manzanera INEren presidentea. 

Arratsaldean, goi-mailako hiru panel egingo dira klima-aldaketari eta biodibertsitateari, turismoaren jasangarritasunari eta jasangarritasunaren arloko munduko erronketarako ezagutzen ondasun komunari buruz, eta, besteak beste, Indonesiatik, Danimarkatik edo Esloveniatik iritsitako adituek, nazioarteko erakundeek, hala nola, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak, teknologia multinazionaleko enpresek, besteak beste, Googlek, eta Nazio Batuen hainbat erakundek parte hartuko dute.

Datozen egunotan, besteak beste, Big Data itsas-garraioan erabiltzeari edo biodibertsitate-politiketan laguntzeko herritarren zientzia erabiltzeari buruzko saioak egingo dituzte.