Euskal ekonomiak azken hamalau hilabeteetako erregistrorik onena izan du maiatzean, 97,4 puntuko balioarekin: aurreko hilean baino sei puntu gehiago (91,4 puntu apirilean). Hobekuntza horrek ahalbidetu dio hazkunde solidoko eremura hurbiltzea (100 puntutik aurrera dago finkatuta), 2023ko martxotik hazkunde leuneko eremuan egon ondoren. Hala jasotzen du Ekonomia eta Ogasun Sailak egindako termometroak.
Barne-eskariaren hazkundea sendoa da berriz ere, eta, aldi berean, esportazioak nabarmen hobetu dira. Horrek esan nahi du kanpo-saldoak berriro ere ekonomiaren hazkundean ekarpena egiten duela. Zerbitzuen sektorearen dinamismo handiak azaltzen du, eskaintzaren ikuspegitik, produkzioak eta enpleguak izandako hazkundearen zati handi bat. Izan ere, maiatzeko Gizarte Segurantzako afiliazio-datuek oso irudi positiboa utzi zuten berriro. Zehazki, urte arteko tasa % 1,7koa izan zen Euskadin, aurreko hileko bera, eta marka berria lortu zen 1.019.200 afiliazioak gaindituta. Dagoeneko zortzi hilabete dira jarraian milioi bat kotizazio gainditu direla. Hobekuntza horiek industriak izandako jarduera txikiagoa orekatu zuten.
Termometroa hilero egiten da, euskal ekonomiaren 100 adierazle baino gehiago oinarri hartuta, eta hilabete bakoitzaren lehen egunetan argitaratzen da.