Ongizate-Foro bat BGAEak hobeto ezagutzeko

0
PRUEBA

III. Fintech Internacional Hack & Disrupt! topaketa irabazi duen taldeak, Mondragon Unibertsitateko lau ikaslek osatutakoak, ongizate-foro bat sortzea proposatu du, BGAEak sustatzeko planteatutako erronkaren soluzio gisa. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Fundazioak eta Bilbao Finantza Plazak babesten dute, eta korporazioek, startupek, administrazio publikoek eta ekintzaileek osatutako ekosistema bat bultzatzea du helburu, negozio berriak sortzeko eta, teknologiaren bidez, Euskadi finantzen berrikuntzaren erreferente gisa kokatzeko.

Edizio honetan planteatutako erronkarako soluzioaren aurkezpenak urtarrilean hasitako topaketa eta bileren egutegia itxi du. Elkarrizketa sektorialak egin dira, eta, horiei esker, lantaldeak bertatik bertara ezagutu ahal izan du BGAEen benetako dimentsioa, haien ondarea 28.894 milioi eurokoa baita Euskadin. Ondare hori, termino makroekonomikoetan adierazita, EAEko BPGd-aren % 31,65 da.

Finantzetan, aseguruetan eta teknologian negozio berriak sortzea sustatzen duen BBF Fintech ekimen publiko-pribatuaren emaitza gisa, unibertsitateko gazteen diziplina anitzeko talde batek joan den urtarrilaren hasiera aldean planteatutako erronkaren ebazpena aurkeztu du gaur Bilbon. Erronka galdera honen ingurukoa zen: Nola lortu borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek (BGAEek) herritarren artean, bereziki gazteen artean, nabaritasun handiagoa izatea?

Soluziorako proposamena Ongizatearen Foroa sortzean datza, bigarren zutabea (enpleguko pentsio-planak) ezartzeko helburuarekin eratua. Foro horretan sindikatuek eta patronalak zeregin nabarmena izango lukete, baina beste eragile batzuek ere parte hartzen dute. Izan ere, eragile guztiak bigarren zutabea gehiago ikusarazteko eta, ondorioz, indartzeko beharrarekin bat eginez gero eta soluzioak sortuz gero, 1990etik aurrera jaiotako pertsona guztiek bizi-kalitate hobea izango dute erretiroan.

Azken jardunaldi honetan izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, hala nola Finantza Politikako zuzendari Arantza Larrauri eta Ekonomia eta Ogasun Saileko Kabinete eta Koordinazioko buru Yurdana Burgoa, FEIko zuzendari nagusi Francisco Javier Arnáez, BGAE Federazioko kideak eta Elkarkidetzako lehendakariorde Amaia Aldasoro, eta Javier Askaiturrieta, Mercer Zona Norteko zuzendaria.