Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko partida onartu du euskal kultura-ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko

0

Laguntza hauen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, ondare hori hurrengo belaunaldiei zabaldu eta transmititzeko

Emaitza Euskariana-Euskal Kulturaren Atari Digitalean zabalduko da, eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin

Gobernu Batzordeak euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko gaur onartu dituen diru-laguntzen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, ondoren Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitalaren bidez zabaltzeko. Horrela, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtu nahi dira, datozen belaunaldiei transmititzeko. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 100.000 euro bideratuko ditu.

Diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-baliabideak, digitalizatzea edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten proiektuak, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa eta funts-bibliografikoak Proiektu bakoitzerako kalkulatutako gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da, eta gutxieneko balioa ez da 2.500 eurotik beherakoa izango digitalizaziorako eta 5.000 eurotik beherakoa katalogazio eta digitalizaziorako.

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte euskal kultura-ondareko baliabideen titular diren pertsona fisikoek eta erakunde publiko edo pribatuek, baliabideak jabari publikoan badaude, obra zurtzat otzen badira (horien jabetza intelektualeko eskubideen titularrak identifikatu gabe badaude edo, halakorik badago, aurkitu gabe badaude) edo titularrek dagozkien ustiapen-eskubideak badituzte.

Aurreko deialdian ezarritakoari jarraituz, diruzko laguntzak izan beharrean “gauzazko” laguntzak dira hauek. Katalogatzeko eta/edo digitalizatzeko lanak eskatzaile batzuentzat zailtasun teknikoak dituzte, baita irudien eta horiekin batera doazen deskribapenen kalitate-estandarrak bermatzeko ere. Horrela, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren ardura izango da lan hori egitea eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin.

Azken emaitza Euskarianan, Euskal Kulturaren Atari Digitalean, zabalduko da, “Baliabideak bai zuzenean sartuz, zein bilduz, sustatzaile bakoitzak bere OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) gordailua badu. Protokolo honek gaur egun dauden digitalizazio-proiektu nagusien arteko elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzen ditu, eta Interneteko edukien zabalkunde eraginkorra errazten du. Deskribapenean zein digitalizazioan estandarren erabilera sustatzen da, euskal kultura-ondarearen baliabideak Europeanan – kultura-ondare digitalizatuaren Europako atarian – txertatzea ahalbidetzeko.

Interesdunek hilabeteko epean eskatu beharko dituzte laguntzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iazko deialdian 10 proiektu lagundu ziren diruz, besteak beste, “Berriz iruditan”; Idiazabalgo Zirika Irratiaren audio artxiboa; 1834-1862 urteetako Arabako Agintaritza Aldizkariko Digitalizazioa; Bilboko Liburutegi Digitala 2024; XIX. Mendeko Marqués del Riscaleko dokumentazioa; Iñigo Salaberriaren ikus-entzunezko funtsa; Gipuzkoako mediku elkartearen XIX-XX mendeetako aldizkariak; piano zulatuko biribilkiak; XIX. mendeko partiturak eta Arrasate Telebistaren ikus-entzunezko funtsa.

EUSKARIANA

Euskariana euskal kulturari buruzko edukietara sartzeko atari digitala da eta Euskadiko Liburutegi Digitalak kudeatzen du. Euskariana euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki Interneten bilatzeko aukera ematen duen atari digitala da. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen, unibertsitateen eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen arteko lankidetza estuan eraikitako proiektua da, eta jatorrizko euskarriak liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materiala dira. Euskarianaren proiektuak orain dimentsio handiagoa izango du Europako Liburutegi Digitalean, Europeanan, sartzearekin batera.