URAk ekainaren 19an hasiko ditu Zallako Arangurenen Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko lanak

0
  • Obra 13,5 milioi euroan esleitu da, eta 18 hilabeteko epea izango du gauzatzeko

Uraren Euskal Agentziak ekainaren 19an hasiko ditu Zallako Aranguren Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko lanak. Lanak Viuda de Sainz, S.L. enpresari esleitu zaizkio, 13.464.484,60 euroko aurrekontuarekin, eta 18 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da.

Zallako Udalak eta  Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu zuten 2023ko urriaren 5ean. Horren bidez, bi administrazioek elkarrekin lan egiteko baldintzak arautzen dira: Zallako udalerriko Aranguren auzoa Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko obrak egiteko.

Hitzarmen hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA), ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzailea), Zallako Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) 2022ko uztailaren 14an sinatutako Lankidetza Protokoloari jarraiki emandako urrats berri bat gisa egin zen. Xedea zen elkarlan estuan ekin ziezaioten bai udalerritik igarotzen den trenbide-sarearen berrantolaketari, zein Aranguren Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko lanei ekiteko.

Orain hasiko diren obrek Cadagua ibaiaren ur-goraldietatik babestuko dituzte 2440 metroko ibai-tarte baten aldameneko ibarrak: Aranguren tren-geltokiaren eta Zallako El Baular auzoaren artean doan hori, hain zuzen ere. Jarduketa horien bidez, Cadagua ibaiaren ahalmen hidraulikoa hobetu nahi da, ubidea handitzeko plataforma batzuk sortuz — eskuinaldean, Arangurengo tren-geltokiaren parean; eta ezkerraldean, araztegiaren eremuan —, uholdeen emariak desbideratzeko eta, horrela, Arangurenen uholdeak izatea saihesteko.

Gainera, Ojivar auzoan ibilgu bikoitza egingo da eta ibilguaren sekzio hidraulikoa eskuinalderantz zabalduko da. Oreña auzoan ere ubide bikoitza egingo da ezkerraldean. Azkenik, Baular auzoan, ibilgua irekiko da bi ertzetara. Jarduera horiek luzetarako defentsekin osatuko dira.

URAk finantziatutako proiektu honek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitatea Fundazioaren (MITECO) laguntza du: hain zuzen ere, Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planarena (PRTR).

Informazio gehiago: Zallako udalerrian (Bizkaia), Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua, Aranguren inguruan