Ekoetxea Sareak herritarrekin antolatutako bilketak ia tona bat hondakin kendu du espazio naturaletatik

0
  • Ekoetxea Urdaibaik San Kristobalgo paduran eta Muruetako Teilategian kontzentratu ditu herritarrek gauzatutako garbiketa-ekintza, Biosfera Erreserbaren erdigunean
  • Tona erdi bat hondakin batu da Ekoetxea Txingudiren herritar-ekintzari esker, Ibarla eremuan
  • Ekoetxea Meatzaldeatik, 200 kilogramo hondakin kendu dira Larreineta eta Parkotxa-Barrionuevo auzoen ondoan (Trapagaran)
  • Landeta auzoko eremu industriala izan da Ekoetxea Azpeitiak gipuzkoar herri horretako Udalaren lankidetzarekin antolatutako bilketaren xedea
  • Ihobek, gainera, “Let´s Clean Up Euskadi 2024!” kanpaina koordinatzen du. herritarrak eta parte hartzen duten erakundeak sentsibilizatzeko lurzoru osasuntsua eta zaborrik gabekoa mantentzearen garrantziaz

 

Ekoetxea Sareak hondakinak lankidetzan batzeko antolatu duen kanpainaren bidez, ia tona bat hondakin jaso eta kendu da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Zentroen Sarea kokatuta dagoen ingurune naturaletatik. Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatuta, ia 150 pertsonak bat egin dute 2024ko Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunarekin, Ekoetxea Urdaibai, Ekoetxea Meatzaldea, Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitiaren hondakin-bilketa handiaren bitartez. “Gure lurrak. Gure etorkizuna” lemapean, iragan ekainaren 8an gauzatutako bilketa-ekintza Ihobek hilabete honetako lehenengo hamabostaldian herritarrei zuzentzen dizkien jardueren zati da, Let’s Clean Up Euskadi! kanpainarekin batera.  

Edizio honetan, Ekoetxea Txingudik, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun erakundeekin batera, Ibarlako eremuaren garbiketa koordinatu du; berau aisialdiko jarduerak aire zabalean egiteko jolas-gune bat da, Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren aurreko haur-jolastokiraino doana. Parte hartu zuten 35 pertsonen lanaren emaitza izan zen tona erdi bat hondakin bertatik kentzea.

Ekoetxea Urdaibairen inguruan, garbiketa Izaro Sub erakundearekin batera egin zen, San Kristobalgo paduran eta Muruetako Teilategian, zeren bertan kontzentratu ohi batira itsasoak kostaldera itzultzen dituen hondakin asko. Bilketak hiru orduz iraun zuen, eta 60 boluntariori esker 165 kilogramo hondakin berreskuratu ahal izan ziren, guztira.

Ekoetxea Meatzaldean, berriz, garbiketa Trianoko Mendien goiko partean garatu zen, zehazki Larreineta eta Parkotxa-Barrionuevo auzoen ondoan (Trapagaran). Burdin Herria elkartearekin elkarlanean, 42 lagunek parte hartu zuten ekimenean eta 175 kilo zabor kentzea lortu zuten.

Azkenik, Ekoetxea Azpeitiak, herri horretako Udalaren lankidetzarekin, 90 kilogramo zabor bildu zituen Landeta auzoko eremu industrialean, jarduera ekonomikoko gune horretatik gertuen dagoen aldean.

Ingurune naturaletan abandonatutako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, eta substantzia horiek lurzorua, ura edo airea kutsatu dezakete eta izaki bizidun guztiei kalte egin. Hondakin horiek paisaiak degradatzen dituzte eta esparru berezi askoren edertasun naturala narriatzen dute, betirako kutsatuta uzten baitituzte, ingurune eta pertsonen osasunean eragina izanik. Adibidez: zigarrokin huts batek ia 2 urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.

Ihobek Ekoetxea Sarearen bidez planteatzen dituen ekintzek lagungarriak izan nahi dute herritarrek kontzientzia hartu dezaten eta irtenbidean inplikatu daitezen, zenbait ekintzaren bidez hitzetatik ekintzetara pasatuz; hor sartzen dira bai Ingurumenaren Munduko Egunerako programatutako ekimenak eta bai eraldaketa ekosozialaren alde egiteko diseinatutako esperientziak.

 

Let’s Clean Up Euskadi 2024!

Orobat, Ihobek koordinatzen du Euskadiko erakunde eta ikastetxeek Let’s Clean Up Euskadi 2024! kanpainan duten parte-hartzea; berau Ingurumenaren Munduko Egunarekin batera jarri da martxan, eta azarora arte luzatu daiteke. Let’s Clean Up Euskadi proiektuaren helburua herritarrak sentsibilizatzea da, hondakinak prebenitzeko ekintzen eta espazio publikoen garbiketen bitartez, boluntarioez baliatuz, hiru helburutara zuzenduta: boluntario konprometituak mobilizatzea, prebentzioaren arloko gaiei buruz informatzea, eta publikoaren sektore zabal bat sentsibilizatzea.

Europa osoan gauzatzen ari den ekintza komun bat da, naturara kontrolik gabe botatzen diren hondakinen kantitate handiaz kontzientziatzeko eta sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko, basoetan, hondartzetan, ibai-ertzetan eta bestelakoetan legez kanpo botatako hondakin horiek batzearen bidez.

Proiektu honetan inskribatu ahal izateko eta garbiketa-ekintza gehiago bistaratzeko, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak webgune berezi bat sortu du, horren inguruko informazioa eskaintzeko; bertan, gainera, mapa elkarreragile bat dago, beste erakunde batzuek Euskadi mailan programatutako garbiketa-ekintzak ikusi ahal izateko. Gainera, material osagarri multzo bat ere prestatu du, webgune berean, garbiketa-ekintza indartzeko xedez.