Hurtado sailburuak politika publikoen ebaluazioari buruzko IV. Gizarteratze Jardunaldia inauguratu du

0
  • Hirurehun pertsonak eman dute izena Bilbon egindako hitzordu honetan. Bertan, nazioko eta nazioarteko ebaluazio-esperientziak ezagutuko dira

Javier Hurtado sailburuak Gizarteratzeko IV. Jardunaldia inauguratu du gaur. Egun osoan zehar, politika publikoak ebaluatzeko mekanismoa landuko da, hobetzeko tresna izan dadin. Estatuan eta nazioartean izandako esperientziak ezagutuko dira, eta Euskadin berriki abian jarritako ebaluazio-organoari baliagarri izango zaizkio.

Euskalduna Jauregiak interes handia piztu duen jardunaldi hau hartuko du, eta hirurehun pertsona baino gehiagok eman dute izena. Inaugurazioan, sailburuaz gain, Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak parte hartu dute.

Aurreko hiruren ondoren, diru-sarrerak bermatzeko politiketan, gizarteratze-politiken plangintzan eta gizarteratze-politiken pertsonalizazioan zentratuta, oraingo honetan ebaluazio-mekanismoan sakonduko du, administrazio, erakunde eta ebaluazio-institutuen esperientziari eta mundu akademiko eta ikertzaileari ahotsa emanez. Gainera, ebaluazio-organoa sortu berri zenez, komeni zen beste ebaluazio-esperientzia batzuk ezagutzea, baita instituzionalizatzeko metodologia eta estrategia batzuk ere, ebaluazioa politika publikoak hobetzeko tresna izan dadin.

Inaugurazio-hitzaldian, Hurtado sailburuak nabarmendu du Lan eta Enplegu Sailak legegintzaldi honetan egin duen lana, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren Legea, pertsonak ardatz dituen Gizarteratze Plan berritzailea, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoaren eraldaketa eta Enpleguari buruzko lehen euskal Legea onartu ondoren. Era berean, politika guztiek pertsonei aukera berdinak emateko beharra berretsi du, «desberdintasuna ez baita zorte txarretik sortzen, bizitzan aukera ezberdinak edukitzetik baizik».

Ildo horretan, «aukera berdintasuna benetakoa eta iraunkorra izatea nahi badugu, administrazioek justizia sozialaren bidez egin behar dugu, zalantzarik gabe, gizartea eraldatuz baliabideen banaketa ekitatiboa sustatzeko eta bazterketa ezabatzeko, eta horregatik ari gara lanean», adierazi du.

«Laugarren jardunaldi honi hasiera emateko, helburuak bete ditugula esan dezakegu. Berreskurapena eta berreraikuntza agerikoak dira. Inoiz baino jende gehiago ari da lanean eta eskubideak ditu. Segurtasun-sarea indartsuagoa da. Eta ez gara konformatzen, hobetzen jarraitu nahi dugu, politika eraginkorrak ezarriz. Era askotako Euskadi bat bultzatzen jarraitzeko, non justizia soziala eskubide apelaezina izango den eta justizia hori indartzeko elkarrekin lan egiten jarraitu ahal izango dugun «, amaitu du.