6.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute eskola-esparruan alkoholaren kontsumoa prebenitzeko 2023an Euskadin egin diren tailerretan

0

«ADINGABEAK ETA ALKOHOLA» EKIMENEN SAREA, OSASUN SAILA

  • Iaz 301 tailer egin ziren Euskadiko ikastetxeetako ikasgeletan; programa abian jarri zen 2009an, berriz, 55

 Guztira 6.115 ikaslek parte hartu zuten iaz Euskadin eskola-esparruan alkoholaren kontsumoa prebenitzeko egindako tailerretan. 2023an 301 tailer egin ziren Euskadiko 41 udaletako 102 ikastetxetako ikasgeletan. Zifrak oso desberdinak dira 2009koekin alderatuta; izan ere, ekimen hau hasi zen urtean 55 tailer egin ziren 22 ikastetxetan eta 10 udaletan. Tailer horietan 1.540 pertsonak hartu zuten parte.  

Izan ere, Osasun Sailak duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri zuen Adingabeak eta alkohola programa mugarri bat izan zen, prebentzioaren kultura modu esponentzialean hedatzeko trakzio-efektua eraginez. Gaur egun, bere garaian programa bat izan zena ekimen-sare bihurtu da, toki-erakundeekin koordinatuta.

Hala, eskola-esparruan alkohola kontsumitzearen ondoriozko arriskuak murrizteko programa, 55 tailerrekin hasi zena, iaz 301 tailer izatera iritsi zen. Horietatik 238 Eusko Jaurlaritzak eman zituen, 33 udaletako 84 ikastetxetako geletan. 4.843 ikaslek hartu zuten parte. Aldi berean, udalek eta mankomunitateek, beren ekimenez, 63 tailer egin zituzten 8 udalerritako 18 ikastetxetan. Tailer horietan 1.272 pertsonak hartu zuten parte. Guztira, 6.115 gaztek.

Era berean, arte eszenikoen bidez alkohola kontsumitzearekin lotutako arriskuak prebenitzeko programaren barruan, 43 emanaldi egin ziren iaz, eta 2.256 ikasle bertaratu ziren.  

Iaz, Eusko Jaurlaritzaren jaien eta aisiaren esparruetan prebentzio-programak 40 esku-hartze egin zituen 33 udalerritan, eta 6.305 gaztek hartu zuten parte. Gainera, udalek eta mankomunitateek 30 esku-hartze egin zituzten 14 udalerritan, eta 4.786 neska eta mutilengana iritsi ziren.

Aldi berean, osasun-agente gisa profesionalak sentsibilizatzeko eta prestatzeko programaren barruan, 2023an 30 tailer egin ziren, gazteekin, ostalaritzako profesionalekin, aisialdiko profesionalekin, jai- eta txosna-batzordeekin eta udaltzaingoekin harremanetan lan egiten duten 369 profesionalek emanak.

2023an, alkohol-kontsumoaren prebentzioari buruzko 17.000 triptiko gazteentzat banatu ziren, baina baita alkoholimetro kualitatiboak, kartelak eta abar ere. Bestalde, Osakidetzak haurdunaldiari eta alkohol-kontsumoari buruzko 3.500 triptiko banatu zituen. 

Euskadik ibilbide luzea egin du alkohol-kontsumoaren prebentzioaren esparruan, ikuspegi integral batetik, hau da, substantzien eta mendekotasun-portaeren multzoa barne hartuz.

Alkoholaren kasu zehatzean, debekatuta dago adingabeek alkohola kontsumitzea, Eusko Legebiltzarrak 2016an onartutako Adikzioen Lege Integralaren 33. artikuluaren lehenengo puntuan jasotzen den bezala. Lege hori Euskadin onartutako hirugarrena da, 1988 eta 1998koen ondoren. Adingabeak babestea eta haien osasuna eta garapen pertsonala bermatzea da legedi horren ardatza; legedi horrek, adingabeek kontsumitzea debekatzeaz gain, edari alkoholdunak saltzea eta hornitzea ere debekatzen du, bai 18 urte arteko ikasleei eskolak ematen dizkieten ikastetxeetan, bai kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan. Halaber, arauak murrizketak ezartzen ditu sustapenaren eta publizitatearen arloetan.

Hala ere, 2016ko legea ez da zigor-arlora mugatzen; funtsean, prebentzioan eta gizarte-sentsibilizazioan oinarritzen da, kultura-aldaketa lortzeko funtsezko tresna gisa. Euskadi, gainera, Adikzioen VIII. Plana garatzen ari da gaur egun. Plan horrek alkohol-kontsumoaren desnormalizazioan ere eragiten du —batez ere nerabe eta gazteen artean— eta aisialdiko alternatiba osasungarriak sustatzen ditu. 

2023ko Adikzioen Inkestaren arabera, Euskadin nabarmen jaitsi da alkoholaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia, batez ere gazteen eta adin ertainekoen artean. Bitartean, alkoholaren kontsumo intentsiboaren eta mozkorraldien prebalentziak ere behera egin du; hala ere, prebalentzia horrek altua izaten jarraitzen du.