Eusko Jaurlaritzak Gernika(k) Nazioarteko Kongresuan parte hartu du, oroimenak etorkizuna eraikitzeko duen potentziala aldarrikatuz

0

Gasteiz, 2024/06/13

José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Gernika (K) -Gernika (S) Nazioarteko Kongresuaren lehen jardunaldian izan dira gaur goizean, Gernikan.

José Antonio Rodríguez Ranzek kongresuaren hasiera ekitaldian parte hartu du ondoko hauekin batera: Begoña Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari Nagusia; Itziar Alkorta, EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria, eta Mari Jose Olaziregi, UPV-EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikerketa taldeko ikertzaile nagusia, kongresu honen antolatzailea den taldearen izenean.

Rodríguez Ranz sailburuordeak gogora ekarri ditu Gernikaren inguruan eta memoria demokratikoaren berreskurapenaren inguruan gauzatu berri diren ekimenak: Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen onarpena, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak Gernika Memoria Demokratikoaren Leku izendatu izana, eta Eusko Jaurlaritzak Klaratarren komentua erosi izana, memoriarako gune berri izango dena.

Ildo horretan, Rodríguez Ranzek esan duenez, «Gernikako espirituari bultzada berri bat emateko aukera ezin hobea dugu aurrean». «Aukera horrek bi gauza eskatzen ditu: guztiok gurea sentitzen dugun proiektu komun eta partekatu bat, eta Gernikako unibertso bizia osatzen duten eta osatzera deituta dauden dimentsioen aniztasunari helduko dion proiektu integral bat. Orain hasiko dugun nazioarteko biltzar hau aukera paregabea da Gernikari bultzada berri hau emateko hausnarketan aurrera egiteko «.

Amaitzeko, José Antonio Rodríguez Ranzek erronka bat aipatu du: «Gernika ahots baimendua eta errespetatua izango da munduan. Gerraren izugarrikerien aurkako ahots argi eta irmoa. Bakearen aldeko ahots konprometitua. Gernikatik mundura! «.

Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ‘Gernika: hurbilketa bat erakundeetatik’ mahaian parte hartu du, Izaro Arroita MHLI taldeko ikertzaileak aurkeztuta. Horiekin batera, Jose Miguel Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak eta Maria Oianguren Gernika Gogoratuz-eko zuzendariak hartu dute parte mahai instituzional honetan.

Aintzane Ezenarrok, bere hitzaldian, memoria berreskuratzearen zentzuaz hitz egin du: «memoria demokratikoa berreskuratzea, hainbeste lagunek bidegabeki jasandako sufrimendua gogoratzea da. Baina, batez ere, egoera okerrenetan ere bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeko eta defendatzeko ahalegina gogoraraztea da «.

«Eta gerren astakeria eta indarkeriaren adierazpen guztiak ezagutu eta aitortzen ditugun arren, behin eta berriz egiaztatzen dugu zein zaurgarria den bakea, zein erraz hausten den bizikidetza demokratikoa» jarraitu du. «Oroimenak guztioi lagundu behar digu, baina batez ere gerra eta indarkeria ezagutu ez duten belaunaldi gazteenei, demokrazia galtzen denean galera noraino iristen den ulertzen».

Ezenarrok Geraldine Schwarzen ‘Los amnésicos’ liburuko hitzak aipatu ditu: «Memoria positiboa behar dugu. Ez diezaiegun utzi eremu hau populistei. Europarrei, gazteei, kontinente bateko kide izatearen harrotasuna itzuli behar zaie, kontinente horretako herriek totalitarismoa gainditzen jakin zutelako eta demokrazia beren kopetako izerdiarekin eraiki eta herritarrei duintasuna itzuli zietelako. Herentzia argitsu hau defendatzeko gogoa piztu behar diegu. Gutako bakoitza ezinbestekoa izango da «.