Garamendik Euskadin «itunaren kulturak” duen balioa eta indarra nabarmendu ditu

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak «De Pactis: Fortún García de Ercilla» argitalpena bultzatzen du. Argitalpen horrek Euskadiren foru eta itun tradizioa dokumentatzen du 1521etik
  • Datozen egunetan argitaratuko den lanaren egilearekin bildu ondoren, «Euskadin indarrean dagoen politika ulertzen laguntzen duen harribitxi baten aurrean gaudela», nabarmendu du Olatz Garamendi Sailburuak

Olatz Garamendi jarduneko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak «Euskadin duela mende batzuetatik dagoen tradizio forala eta kultura paktista sakon eta errotua» nabarmendu ditu. Adierazpen horiek Mikel Mancisidorrekin izandako bileran egin ditu, «De Pactis: Fortún García de Ercilla» argitalpenaren berri emateko. Mancisidor arduratu da obraren edizioa eta aurretiazko azterketa egiteaz.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatutako argitalpen hau Fortún García de Ercillaren (1490 – 1534) «De Pactis» lanaren lehen edizio kritikoa eta itzulpena da. Bermeoko legelari eta Carlos V. erregearen kontseilari izan zen. Bere esku dago 1521ean hiru euskal lurraldeetarako (gehi Nafarroa) entitate juridiko politiko bateratu baten lehen proposamen ofiziala.

Sailburuaren hitzetan, lan honek «neurri handi batean Euskadin politika egiteko modua azaltzen eta ulertzen laguntzen du. Gure Herrian, itunaren kultura balioesten jarraitzen dugu, ez bakarrik alderdien artean, baita gobernuen artean ere, aldebikotasun eraginkor baten alde eginez; horregatik, XVI. mendeko lan honen indarraldia zalantzarik gabea da».

Fortún García de Ercilla (1490 – 1534)

Fortún García euskal foru zuzenbidearen diskurtsoa osatzeko une garrantzitsuenetako batean jaio eta hazi zen, eta haren lanak garrantzi berezia du gure herriaren historia intelektual, juridiko eta politikorako.

Bere garaian eragin intelektual eta politiko nabarmena izan zuen euskaldun unibertsala izan zen. Zuzenbide irakaslea izan zen Bolonian eta Pisako katedra eskaini zioten (Florentziako Unibertsitatearen egoitza). Baina bere karrera akademikoa oraindik garatzeke zegoenean, Ercillak unibertsitatea utzi eta Karlos V.a enperadorearen deiari erantzun zion. Hurrengo urteetan, Nafarroako erregeorde, Gaztelako Kontseiluko kide, Ordenen Kontseiluko kide eta Enperadorearen Ganberako kide izan zen, eta zeregin diplomatiko garrantzitsu eta delikatuak izan zituen. Fortún Garcíak, gutxienez birritan, gatazka garrantzitsuak konpondu zituen foru posizioak indartuz (batez ere 1520ko Gabonetako Gipuzkoako krisian).