Jokin Bildarratzek harrera egin die 2024ko Araba Euskarazen antolatzaileei

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, harrera egin dio gaur eguerdiz, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2024ko Araba Euskaraz jaiaren antolakuntzan ari den taldeari. Sailburuarekin bileran izan dira Unai Mendizabal, Araba Euskaraz Elkarteko presidentea, Arturo Lopez de Lacalle, Oiongo San Bizente ikastolako zuzendaria, eta Joseba Aginagalde, Ikastolen jaietako arduraduna.

Mugaezin” leloarekin, datorren igande honetan, ekainaren 16an, ospatuko da 2024ko Araba Euskaraz Olarizuko zelaietan (Gasteizen). Arabako zortzi ikastolak (Ikastolen Elkartekoak) elkarlanean ari dira horretarako, baina Oiongo San Bizente ikastolaren aldekoa izango da aurten jaia.

44. edizio honetan, azken urteetan egiten ari diren bezala eta 1981eko lehen jaian egin zen legez, Olarizuko berdegunean hedatuko da festa, hiru gunetan banatuta antolatu den egitarau zabalarekin. Egitarau horren ezaugarri nagusiak aurkeztu dizkiote arduradunek Bildarratz sailburuari, bai eta urtean zehar antolatu dituzten gainerako ekitaldi, lehiaketa eta saioen berri eman ere.