Lehendakariak azpimarratu duenez, “gure Erkidegotik kanpo ere, Euskaltzaindiak ematen dio osotasuna eta bermea gure hizkuntzaren aniztasunari eta batasunari”

0
  • Euskaltzaindiak bere sorreratik egin duen lana goraipatu du Iñigo Urkulluk, gaur goizean horren Bilboko egoitzara egin duen bisitan 

Iñigo Urkullu Lehendakaria Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan izan da gaur goizean, horren lan-ildoak eta helburu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Ekitaldian, Euskaltzaindiko arduradunekin batera, sortu zenetik Euskaltzaindiak egin duen lana izan du hizpide Urkulluk. Erakundeak 2013an lortu zuen «Europako Hiritarren Saria» ekarri du gogora, eta, bere ordezkariei zuzenduta adierazi duenez, «urteetan zehar egindako lanari emandako aitortza izan zen eta merezimendu osoz jaso zenuten». Sari horrek erakutsi zuen «euskarak, Europak bezala, mugarik ez duela», gaineratu du.

Euskaltzaindiaren mendeurrena eta euskararen batasunaren oinarriak ezarri zituen Arantzazuko Kongresuaren 50. urteurrena izan dira Lehendakariak Euskaltzaindiak egiten duen lana nabarmentzeko aipatu dituen beste une garrantzitsuetako batzuk, «euskara kontuetan gure erreferentzia nagusia» bihurtuz. «Horrela dago jasota Gernikako Estatutuan, eta aitortza hori egiten dizuegu herri agenteen izenean»,  adierazi du Urkulluk.

«Gure Erkidegotik kanpo ere Euskaltzaindiak ematen dio osotasuna eta bermea gure hizkuntzaren aniztasunari eta batasunari”, azpimarratu du.

Horregatik, Iñigo Urkulluk, Lehendakari gisa eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, eskerrak eman nahi izan dizkio Euskaltzaindiari “lankidetzarako erakutsitako prestasunagatik eta gure Herriari egin diozuen ekarpenagatik ere «, eta «ekin»eta «jarrai» hitzekin amaitu du. «Ekin duzue eta emaitzak bistan dira. Jarrai ezazue, euskarak merezi du eta», amaitu du.