Arriolak nabarmendu du Gasteizen trena lurperatzeari buruzko informazio-azterlanaren onarpena “inflexio puntu bat” dela Euskadin abiadura handiko trena garatzeko

0

Iñaki Arriola jarduneko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak positibotzat jo du Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak Vitoria-Gasteizko trenbidea lurperatzeari eta Arkauteko lotuneari buruzko behin betiko informazio-azterlana onartu izana. Martxoan ingurumen-inpaktuaren adierazpena onartu ondoren, informazio-azterlana onartzea espero zela adierazi du eta «oso albiste ona» dela azpimarratu du.

Urrats berri hori «inflexio-puntua da, Euskadin abiadura handiko trena garatzeko aurrerapen garrantzitsua», esan du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioetako arduradun nagusiaren arabera, «horrekin amaiera ematen zaio administrazio-fase hutsari, eta eraikuntza-fasean sartzen gara».

Une honetan, Eusko Jaurlaritza Ministerioarekin paraleloan ari da aurrera egiten, Arkauteko lotuneko obrak Jaurlaritzari aginduko dizkion lankidetza-hitzarmena zehazteko. «Buru-belarri ari gara lanean», nabarmendu du Arriolak, «datozen hilabeteetan enkargua prest egotea espero dugu». Akordio horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, zuzenean bere gain hartuko ditu obrak, hain zuzen ere «euskal Y-aren loturetarako funtsezko elementua» den puntu batean, sailburuak azaldu duen bezala.