Aste Nagusiko programazioa eta kartela aurkeztu ditu Donostiak

0

Euskal artista esanguratsuak, Estatuko pop-rock taldeak, Tina Turnerri tributoa eta DJ-ak Sagueseko agertokian

2024ko Aste Nagusian Sagueseko agertokian arituko diren artistak aurkeztu ditu gaur Donostia Festak atalak. Kultura zinegotzi Jon Insaustik “bertako hainbat artista esanguratsu, Estatuko rock eta pop taldeak eta DJ ikuskizun eta tributo handi bat uztartuko dituen programa zabala”-ren berri eman du gaur.

Abuztuaren 10etik 17ra bitartean kontzertu bat izango da egunero, kasu guztietan 23: 45ean hasita.

Hauek izango dira Saguesek hartuko dituen 8 musika emanaldiak:

AMPARANOIA & LOS ARTISAS DEL GREMIO. Abuztuak 10

Amparanoia 90eko hamarkadaren bukaerako mestizajearen aitzindaria da, eta nazioartean erreferentea da, albumez (zortzi), biraz eta aintzatespenez betetako ibilbide luzearekin. Artistas del Gremio Zaragozako txaranga edo brass band bat da, eta publikoarekiko harremanetan oinarritutako estilo berezia dute. Aragoiko taldeak lau album ditu eta hainbat soinu-bandatan eta nazioarteko kolaborazioetan parte hartu du.

ESNE BELTZA. Abuztuak 11

17 urteko ibilbidea egin ondoren, Esne Beltza – euskal musika eszenako talde adierazgarrienetako bat – Saguesko agertokian aurkeztuko da, bere ibilbide luzean jarraitu dieten milaka lagunei agur esateko. Xabi Solano buru duen taldeak urtebetez zuzeneko emanaldiak egingo ditu bere ibilbideari amaiera emateko eta eszenatokiak presarik gabe utziko ditu. Bide batez, «Esne Bidea» disko berria aurkeztuko dute eta, aldi berean, beren betiko arrakastak gogoratuko dituzte.

BEN YART, KILIKI FREXKO ETA BRAVA SHOWCASE. DJ gaua. Abuztuak 12
Ben Yart abeslari eta aktore nafarra da. Chill Mafia taldearen barruan hasi zuen ibilbidea artista honek. Bere bizitzaren kontakizuna, esperientziak eta eguneroko bizitza musikara eramaten ditu. Bere lehen abestiak argitaratu ondoren, hala nola Soy la Ama (2016) edo Napia blanca (2020), You Tube plataformaren bidez, ospe handia lortu du berehala estatuko hiri musikaren panoraman.

Beñat Rodrigo aka Kiliki Frexko abeslaria, DJ eta Chill Mafia taldearen burua. Euskal Herriko azken hamarkadako errebelazio artistetako bat da. Panorama euskalduna hankaz gora jarri duen Iruñeko lagun taldea den Chill Mafia kolektibokoa da non produktoreak, abeslariak, Dj-ak, diseinatzaileak eta graffiti egileak biltzen diren.

Brava musikak eta energiaz betetako ikuskizunek erakartzen duten disziplina anitzeko artista da. Mundu osoko jaialdi eta klub garrantzitsuenetan aritu da, hala nola Coachella, Sónar, Primavera Sound, La Machine du Moulin Rouge edo MusicBox.

NIL MOLINER. Abuztuak 13

Nil Molinerren abestiek, ukitu latindarrak dituen pop argitsuak, milaka jarraitzaileren bihotzean lekua izatea lortu dute, eta estatuko musika-panoramaren ezinbesteko artista bihurtu da. Energia, giro paregabea, positibotasuna, kanta onak, eta estatuko zuzeneko onenetako bat; Nil Moliner ikuskizun gogoangarri batez gozatzeko koktelik onena da

TOTALLY TINA!. Abuztuak 14

Rockeko Erreginaren eta Soularen kontzertu bat berriro bizitzea, eta, besteak beste, “Simply The Best”, “Private Dancer” edo “What’s Love got to do with it?” abestiez zuzenean gozatzea, posible izango da Tina Turner-i egindako omenaldirik onenari esker: Totally Tina!

NØGEN. ABUZTUAK 15

Nøgen gaur egungo talde indartsuenetako bat da. Folk-pop musika egiten dute, sustrai anglosaxoikoa eta euskaraz abestua bereziki. Indie, amerikar eta rock estiloak ere lantzen dituzte. Melodian zentratutako taldea da, ahots-harmonia landuak eta baxu-bonbo erritmoen serie markatua dituena.

LOS ZIGARROS. Abuztuak 16

Los Zigarros rock&roll talde valentziarra da. Taldekideak Ovidi Tormo (bokalista eta gitarrista), Álvaro Tormo (gitarrista), Adrián Ribes (bateria) eta Nacho Tamarit (baxu-jolea) dira. Rock zintzo eta freskoa egiten dute, artifiziorik gabe, ukitu puristekin eta 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako aireekin, Tequila, Loquillo, Los Rodríguez, M-Clan-en… eragina dute. Haien eraginak argiak dira, eta haien bidez borroka egiten dute beren nortasuna izan dadin. Oktanaje handiko rock hutsa da, penak ahazteko eta zuzeneko indartsu eta kementsu batean ondo pasatzeko.

LA LA LOVE YOU. Abuztuak 17

La La Love You pop punk musika talde bat da – haiek horrela deitzen diote – Parla, Madrilgo udalerrian 2007an sortua. Haien kideak, musika egiten gozatzen duten lau lagun, honako hauek dira: Roberto Amor (ahotsa eta gitarra), David Merino (ahotsa eta gitarra), Lydia Carré (koruak eta baxua) eta Oscar Hoyos (bateria).

Aste Handia kartela

Horrekin batera, Jon Insaustik 2024ko Aste Nagusiaren kartela aurkeztu du. Lanzagorta Estudioaren Aste Handia kartelak iragarriko du Aste Nagusia eta bere baitan gauzatuko diren jarduera guztiak.

Kartelak abuztuaren egutegia irudikatzen du, hain zuzen ere, errutinaz beterik hasten den hilabetea – banan banan egunak ezabatzen goaz – Aste Nagusia lehertzen den arte. Eta Aste Nagusiaren iritsierarekin batera egun horien zenbakiak hazi egiten dira, egutegian ia sartzen ez diren arte, bazterretatik irteten direlarik. Zenbakiek elkarrekin dantza egiten dute, festa eta dibertimenduaren irudia proiektatuz, eta Aste Nagusian izaten ditugun hainbat jardueren sinboloekin lagunduta: su artifizialak, dantzaldiak, txarangak, kirolak, musika…

Diseinuak Letraset orriei omenaldia egin nahi dio. Gogoan izan, Letraset guztia digital bihurtu aurretik testuak errotulatzeko erabitzen zen letra transferigarriak zirela.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/06/14-an argitaratua