Euskadin merkataritza-asoziazionismoak gora egin du elkarteen zeregina pandemian agerian geratu zenetik

0
  • Pandemiak eta ondorengo krisiek agerian utzi dute merkataritza-elkarteek merkatarien eta administrazioaren arteko bitartekari gisa duten rola laguntza-eskaeretan aholkatzeko eta laguntzeko orduan

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak “Euskadiko merkataritza-asoziazionismoa” azterlana argitaratu du, Euskadiko Merkataritza Behatokia, Enfokamer eta Merkataritza Ganberekin lankidetzan. Azterlanaren helburua da, elkarteek egindako adierazpenetatik lortutako datuekin, Euskadin asoziazionismoak izan duen bilakaera ezagutzea, elkarteen ordezkagarritasuna ebaluatzea eta egiazko adierazleak lortzen hobetzea, sektoreko politika publikoak gidatu eta indartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 148/1997 Dekretuak (184/2015 Dekretuak aldatua) Merkatarien Elkarteen Errolda ezarri zuen, sektorean duten ordezkaritza ebaluatzeko, horrela, haien arteko elkarrizketa ahalbidetu eta elkarteen egoera hobeto ezagutu ahal izateko. Izan ere, elkarteen helburua sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzea da. Une honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila errolda hori eguneratzeko eta sektorearen errealitate berrira egokitzeko erregistro berri bat lantzen ari da.

Une honetan, merkataritza-asoziazionismoaren hainbat eredu daude Euskadin: batetik, kuoten bidez bazkideen parte-hartze ekonomikoa eskatzen dutenak, eta, bestetik, ia osorik laguntza publikoetatik datozen aurrekontuak dituztenak. Bestalde, elkarte-eredu batzuk gremioen araberako asoziazionismoaren inguruan ardazten dira, hau da, merkataritzako azpisektoreen inguruan, udalerri edo lurralde historikoetan ezarritako lurralde-asoziazionismoari lotutako elkarteen aurrean. Era berean, ikusten da asoziazionismo mistoaren errealitatea gero eta handiagoa dela, non elkarteek eta merkataritzako elkartekideek gero eta ordezkagarritasun-ehuneko handiagoak dituzten ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean.

Azterlan honetan, 2020. eta 2023. urteen artean, pandemiaren osteko aldian, Elkarteen Erroldako datuetan oinarrituta egindako analisiaren emaitzak erakusten dira.

Azterlanaren ondorioetako bat da COVID pandemiak eta haren aurrean hartu behar izan ziren neurriek gogor jo zutela merkataritzaren sektorean, Ukrainako gerrak eta hornidura faltak eragindako ondorengo krisiek bezala. Era berean, agerian utzi zuten merkatarien elkarteek sektorearen aurrean izan zezaketen presentzia eta, batez ere, egin zezaketen lana, baita administrazioekiko haien elkarrizketa-ahalmena ere ahalegin partekatuetan, zehazki, merkatariei babesa eta laguntza ematean, administrazioek abian jarritako laguntzak eskatzerakoan. Sailaren kasuan, 150 milioitik gorako Erresistentzia Planean zehaztu zen; gehienbat aparteko laguntzak, merkataritzaren eta turismoaren sektoreei zuzenduak.

Euskadiko asoziazionismoari buruzko azterlana

Azterketa zonako eta gremioetako elkarte ireki eta boluntarioetan oinarritzen da. Zonako elkarteei dagokienez, elkartutako establezimenduen kopuruak % 27,06ko igoera izan du 2020tik 2023ra bitartean: 2020an 9.465 establezimendu ziren eta 2023an 12.026, zonako elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Erroldan adierazitako datuen arabera.

Atxikitako 2.561 establezimendu berri horiek txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen azpisektoreetakoak dira batez ere, eta 890 kide ditu lehenengoak, eta 700 eta 742 establezimendu hurrengoek. Handizkako merkataritzak ere gehikuntza izan du 26 enpresatan elkartutako saltokien kopuruan, baina beste azpisektoreen oso atzetik.

Elkartutako 2.561 establezimendu berriren igoera horren eta enpresa kopuruaren jaitsieraren ondorioz, elkarteen ordezkaritza nabarmen igo da, ehuneko 3,79 puntu, 2020ko % 10,64tik 2023ko % 14,43ra. Lurraldeka, ordezkagarritasuna % 18,82koa da Araban, % 16,31koa Gipuzkoan eta % 12,1ekoa Bizkaian.

Gremio-elkarteei dagokienez, ehunekoak baxuagoak dira. Hala, 88.989ko guztizkotik gremio-elkarteetako 2.397 establezimenduetatik (% 2,69 2020an) 83.320ko guztizkotik 2.893 izatera igaro dira (% 3,47 2023an). Lurraldeka, ordezkagarritasuna % 6,85ekoa da Gipuzkoan, % 5,56koa Araban eta % 1,81ekoa Bizkaian.

Azkenik, udal eta eskualdeko elkarteez gain, azterlanak Merkataritza Konfederazioen, EUSKOMERen (% 6,25 2023an) eta EUSKALDENDAKen (% 6,52) ordezkagarritasuna aztertzen du, baita horiek osatzen dituzten federazioak ere: Aenkomer % 15,5, CECOBI % 4,93, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa % 4,7, Arabadendak % 5,17, Bizkaidendak % 4,73 eta Dendartean % 9,92.

Lurralde-presentzia

Arabako merkataritza-dentsitatea oso txikia da (% 8,76), Bizkaikoaren eta Gipuzkoakoaren aldean (% 10,01 eta % 10,79, hurrenez hurren). Hala ere, % 15etik gorako merkataritza-dentsitateak dituzten udalerriak ikusten ditugu, besteak beste Guardia (% 16,08), Euskadin merkataritza-dentsitate handiena duen udalerria baita.

Bizkaian eta Gipuzkoan merkataritza-dentsitate handienak dituzten udalerriak dira, hurrenez hurren, Gernika, Leioa, Lekeitio eta Urduña, % 14tik gora, eta Gipuzkoan Tolosak bakarrik gainditzen du kopuru hori.

Egia da Euskadiko merkataritza-dentsitateak behera egin duela azken urteotan, baina azpimarratu behar da merkataritza-elkarteek Euskadin duten presentzia oso garrantzitsua dela, bai saltokien kopuruagatik, bai eragin-eremuko biztanleengatik.

2023an, guztira, 94 udalerrik zuten Merkatarien Elkarte bat Euskadin, lehendik zeudenen % 37,30ek; hala ere, horietan 2.050.021 pertsona bizi ziren (EAEko biztanleriaren % 93,32) eta 21.222 txikizkako saltoki zituzten (EAEn daudenen % 61,99).

Azpimarratzekoa da Udal Merkatarien Elkarteen izaera mistoa gero eta nabarmenagoa dela; gehienbat saltokiek osatutakoak badira ere, ordezkaritza handia dute ostalaritzak eta zerbitzuek.

Azterlana Enfokamer Euskadiko Merkataritza Behatokiaren webgunean ere argitaratu da, eta herritarren eskura dago.

Azterlan monografikoak – Enfokamer, Merkataritza Behatokia – Euskadi.eus