Innogunek, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen enpresak sortzeko zentroak, 100. proiektua hartu duela ospatu du

0

Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetza Unitateak (Deusto Emprende) enpresa berriak sortzeko zentroa du Donostiako campusean, Innogune. Berriki, zentro horrek mugarri esanguratsu bat lortu du: 100. proiektua sortzea. 2011n sortu zenetik, Innogune berrikuntza eta ekintzailetzako itsasargi bat izan da eta tokiko enpresa ekosistema eraldatzen lagundu du, ekintzaileen ondoan egon baita beren ekimenak garatzeko bidean.

Deusto Emprendek berebiziko garrantzia du jarrera ekintzailea sustatzeko orduan, bai unibertsitateko elkartearen barruan eta bai kanpoan. Deustuko Berrikuntzaren eta Ekintzailetzaren Eredutik abiatuta, zerbitzu aukera zabala eskaintzen du bizitzaren alderdi guztietan berrikuntzak duen garrantzia sustatzeko.

Deusto Emprenderen helburua da pertsonen bidelagun izatea, bai ikasle garaian eta bai lanbidean, ekintzailetza eta berrikuntza sustatuz, eraldaketa ekonomiko eta sozialerako eragile bihur daitezen, ekosistemako beste eragile batzuekin elkarlanean.

Innogune: Berritzeko eta ekiteko ekosistema bat

Innogune Donostiako campusean dago, eta enpresak sortzeko gune nagusia da, Deustuko Unibertsitatearen barruan. Abian jarri zenetik, 100 enpresa sortu dira bertan. Horietatik 66k jarraitzen dute gaur egun eta 184 pertsonari ematen diete lana. 2023an, Innoguneko egungo 23 proiektuek 2.905.000 euroko fakturazioa sortu zuten guztira eta 62 pertsonari eman zieten lana. Askotariko proiektuak sortu dira Innogunen, horien artean, Deskontu, Senddo, La Salsera, Quevedos Strategic Partners, Donostik, Pantori, Puntueus Fundazioa, Aplicanet, Basque Destination, Thinknnova, Ekozon Consulting, ONGi, Sabbatic, No Problem, Go Local, Nortlan, Kluppy edo Loyolanet Fundazioa, eta harrotasunez daramate “Created in Deusto” bereizgarria.

Ekainaren 6an, Innogunek Ekintzailetzako luntxa antolatu zuen Tokiski aretoan. Ekitaldian, ongietorria egin zitzaien proiektu berriei eta Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Enpresa Harremanetarako errektoreordeak eta Garbiñe Henry Berrikuntza eta Ekintzailetzako zuzendariak 100. proiektuaren aitortza eman zioten Dezetaari. David Zabala, Dezetaaren sortzailea, ibilbide luzeko ekintzailea da. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Ongi ezagutzen du Innogune, praktikak Donostik enpresan egin zituen, Innogunen sortutakoa; eta Ekomodoren sortzaileetako bat izan zen, oraindik ere Innogunen dagoen enpresetako bat. Orain dela gutxi arte, David Zabala Naturklimako zuzendari nagusia izan da. Orain, bere hirugarren enpresa jarri du abian, Dezetaa, berak bakarrik.

Dezetaa negozio eredu lehiakorrak, jasangarriak eta eragin positibokoak diseinatzen eta garatzen espezializatuta dago. Dezetaaren misioa da onura ekonomikoez gainera, onura sozialak eta ingurumenekoak ere ekarriko dituzten enpresak sortzea. Dezetaak estrategia, berrikuntza, komunikazioa eta jasangarritasuna uztartzen ditu, enpresei eta ekintzaileei jasangarritasuna abantaila lehiakor gisa aprobetxatzea ahalbidetuko dieten tresnak eskaintzeko.

Innoguneko proiektu berriak

Dezetaaz gain, beste proiektu batzuk ere sartu edo sortu dira Innogunen, eta ekintzailetzako luntxean aurkeztu dira:

Alai Retail: Clara Melegarik eta Varsha Laik sortua, enpresak diseinu jasangarriko soluzioak eskaintzen dizkie txikizkako sektoreko saltokiei.

Puxika proiektua: Pablo Ibarreta buru dela, Donostialdean banaketa ekologikoko zerbitzua eskaintzen du, bizikleta elektrikoak erabiliz. Hornitzaileak eta bezeroak lotzeko aplikazio bat ere badu.

Le Guide Officiel: Elena Guibertek eta Nerea Calvok sortua, proiektu eta pertsona artistikoei ikusgarritasuna ematea du helburu, marka kontzienteak eta jasangarriak eskatzen dituen publikoarengana hurbilduta.

Innogunen, “Haien arrakasta gure arrakasta da” leloak Deustun ekiten eta berritzen duten pertsonekiko konpromisoaren eta dedikazioaren isla izaten jarraitzen du. 100. proiektua, Dezetaa hartuz, Innogune funtsezko zutabea da Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa berritzaile eta jasangarriak sortzeko.