Nerea Melgosak azpimarratu du Euskadin estrategia soziosanitarioek jokabide suizida eta prebentzioa lantzen dituztela

0
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak balioa eman die Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategiari eta gizarte-erakundeek egiten duten lanari

Vitoria-Gasteiz, 2024/06/14

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako jarduneko sailburuak gaur azpimarratu duenez, “jokabide suizida eta horren prebentzioa presente daude Euskadiko arlo soziosanitarioko egungo estrategia eta jarduera-ildoetan”.

ASAFESek, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Arabako elkarteak, antolatutako suizidioaren prebentzioari buruzko VI. mintegian parte hartu du Melgosak. Mintegiaren izenburua ‘Una mirada al suicido desde la práctica’ da, eta Arabako hiriburuko Europa Biltzar Jauregian egin da.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako jarduneko sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak “Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia” bat du, Osasun Sailak egina, baina beste eragile eta sail batzuen ekarpenak ditu, zuzentzen duenarenak barne. Lan hori egiten Aidatu, suizidiologiako euskal gizartea eta Biziraun, Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea ere aritu ziren elkarlanean.

Melgosak, halaber, ASAFES, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Arabako elkartea egiten ari den lana nabarmendu du. “Lan handia egiten duzue zuen aholkularitza juridikoko zerbitzuarekin, erabiltzaileen eskolarekin eta haien tailer teoriko-praktikoekin, esku-hartze soziokomunitarioko programarekin, RAEP Enplegu Zentro Bereziarekin, PILA: Laneratzeko Programa Lagundua, eta abar luze batekin. Eta Erroak sustatzen duzue: gaixotasun mentala dela-eta lana lortzeko zailtasunak dituzten gazte horiei guztiei laguntzeko programa”, nabarmendu du.