Osakidetzak 1.500 eguzki-panel baino gehiago instalatuko ditu Euskadiko 27 osasun-zentro eta anbulatorioetan

0
  • Sistema horri esker, kontsumitzen den energiaren % 20-30 sortu ahal izango da
  • 1,4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, ekimena Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da, ekoizpen berriztagarria handitzera eta eredu iraunkorrago baterantz aurrera egitera bideratua

Osakidetzak energia berriztagarria sortzeko 1.538 plaka fotovoltaiko ezartzen hasi da Euskadiko 27 osasun-zentro eta anbulatorioetan. Proiektu horri esker, eguzki-panelak kokatuko diren zentroetan kontsumituko den energiaren % 20-30 inguru sistema horren bidez sortuko dela aurreikusten da.

1,4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, eguzki-energian oinarritutako elektrizitatea sortzeko sistema hori ezartzea Osakidetzaren zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da. Ekimenaren heburua da Osakidetzan energia-kontsumoak murriztea eta ekoizpen berriztagarria handitzea, eta horrela eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Proiektu korporatibo honen helburua da zentroetako energia elektrikoaren eskaria partzialki era horretara hornitzea eta urrutirako ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murriztea.

Proiektuaren fase honi ekiteko, Osakidetzak plaka horiek instalatzeko bideragarritasun-azterketa bat egin du, eta Bilbo-Basurtuko, Barakaldo-Sestaoko, Barrualde-Galdakaoko, Urola Garaiko eta Tolosaldeako ESIetako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko 27 zentro hautatu ditu.

Bilbo-Basurtuko ESIan 414 plaka jarriko dira, 7 zentroren estalkietan banatuta: Alonsotegi, Arangoiti, Basurtu, Deustu, Errekalde, San Ignazio eta Txurdinaga. Bestalde, Barakaldo-Sestaoko ESIan 355 plaka ipiniko dira 7 osasun-zentro eta anbulatorioetan: Zuhatzu, Markonzaga, Zaballa, Arrontegi, Bakea, Kueto eta Lutxana.

Horiez gain, 533 panel jarriko dira Barrualde-Galdakaoko ESIko 6 zentrotan: Amurrio, Durango-Landako eta Etxebarriko osasun-zentroetan eta Basauri-Arizko, Durangoko eta Galdakaoko anbulatorioetan. Gainera, 212 plaka jarriko dira Bermeoko Ospitale Psikiatrikoan, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.

Era berean, Urola Garaiko ESIan 253 eguzki-plaka jarriko dira Zumarragako eta Legazpiko osasun-zentroetako estalkietan eta Beasaingo eta Azpeitiko anbulatorioetan; eta Tolosaldeako ESIan 126 panel jarriko dira Andoaingo eta Tolosako osasun-zentroetan.

Plakek sortutako energia haiek instalatuta dauden zentro bakoitzak kontsumituko du, eta une jakin batzuetan sor daitekeen soberakina sarera isuriko da; eta hori, aurrerago, faktura elektrikoan konpentsatuko da.