Arriolak gazteentzako Eibarko zuzkidura-bizitokiei buruzko erakusketa bat inauguratu du

0
  • Sailburuak Txonta auzoan azkenengo urteotan bere Sailak hiri-berroneratzean emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako jarduneko sailburuak astearte honetan inauguratu du, Jon Iraola Eibarko alkatearekin batera, Eibarren, Txonta auzoan, Aibe lantegietako eraikin zaharra birgaitzeko eta gazteentzat alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren proiektua, herritarrei datozen asteotan erakutsiko zaiena.  

Sustapen berri honek Europan nazioarteko deialdian parte hartu du. Deialdi horretan erronka arkitektonikoak planteatzen zaizkie Europa osoko arkitekturako profesional gazteei konponbideak proposatu ditzaten. Hamazazpigarrena izan den edizio honetarako Euskadik proposatu duena garai bateko lantegiaren eraikina birmoldatzea izan da, eta Europa kontinente zaharrean edizio honetan planteatutako berrogeita hamar erronken artean  hautagai gehien izan dituena izan da (47 guztira).

Sailburuaren azken ekitaldia izan den honetan, Arriolak nabarmendu du azken urteotan Txonta auzoan, Eusko Jaurlaritzaren bidez, abian jarri den hiri-eraldaketa- eta -berroneratze sakona, lan handia eginez.   Lan hori auzoak berroneratzearen ikuspegitik gauzatzen ari da, 17 eraikinetan banatutako 220 etxebizitza birgaitzeko, 4 milioiko inbertsioarekin. Esku-hartze horren bidez, irisgarritasuna, bizigarritasuna eta energia-efizientzia hobetzen ari dira. Eraldaketarako bigarren bidea, sailburuak azaldu duenez, etxebizitzak eraikitzea da. Alde horretatik, gogorarazi du Etxebizitza Sailak babes publikoko 200 bat etxebizitza eraikiko dituela datozen urteotan auzoaren hegoaldean, 30 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez. Erakusketan ikusgai dagoen zuzkidura-bizitokien eraikinak osatuko ditu esku-hartzeak.  

Bestalde, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak balioetsi du garrantzitsua dela gazteentzako apartamentu horiek berrikuntza arkitektonikoaren Europan lehiaketan parte hartu izana, eta kokaleku horrek, Europa osoan proposatutako berrogeita hamar erronken artean, sortu duen interesa nabarmendu du.