Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko dutenei elkartasun-esperientzia hasteko dokumentazioa eman die Lehendakariak

0
urku
  • Aurten 67 gazte izango dira, programa honen barruan, Amerika eta Afrikako 9 herrialdetan lankidetza-ekintzak egingo dituztenak
  • Uztailaren 4tik aurrera, irtengo dira 3 hilabetez parte hartuko duten 22 lankidetza-proiektuetara
  • Gaur jaso dituzte Lehendakaritzan hegaldi-txartelak, bisak eta esperientzia hori garatzeko behar den dokumentazioa
  • Bere 31 urteetan, 2.500tik gora gaztek, eta Euskadiko eta Hegoaldeko herrialdeetako 100 GGKE baino gehiagok hartu dute parte programa honetan
  • Aurreko edizioetan parte hartu dutenen testigantzak bat datoz puntu batean: «bizitza osorako erreferentziazko esperientzia da»
  • Hauxe izan da Lehendakariaren azken ekitaldi publikoa Lehendakaritzan; lehena, 2012ko abenduan, Hirugarren Sektore Sozialarekin lotuta egon zen

Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko duten gazteek uda honetan lankidetza- eta elkartasun-esperientzia hori garatu ahal izateko beharrezkoak diren hegaldi-txartelak, bisak eta dokumentazioa banatzeko ekitaldian parte hartu du gaur Lehendakaritzan.

Lehendakariarekin batera, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia, Miren Saratxaga Gazteriako zuzendaria eta Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria izan dira.

Hauxe izan da Lehendakariaren azken ekitaldi publikoa Lehendakaritzan. Hitzaldian, Urkulluk gogorarazi du «duela hamabi urte, 2012ko abenduaren 27an, Lehendakari bezala ekitaldi publiko batean egin nuen lehen hitzaldia, Lantegi Batuak Fundazioaren ekitaldi batean izan zen. Euskadiko hirugarren sektore sozialarekin eta lankidetza publiko-sozialaren bidezko elkartasun-konpromisoarekin lotutako ekimena».

«Ohorea izan da Euskadiko Lehendakari izatea –gaineratu du–; eta ohore handia da gure etorkizunerako funtsezkoak diren bi balio –gazteria eta elkartasuna– lotzen dituen ekitaldi honetan parte hartzea».

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa

Guztira 67 gaztek –60 emakumek eta 7 gizonek– ia 3 hilabetez parte hartuko dute «Euskadiko Gazteak Lankidetzan/Juventud Vasca Cooperante» programaren 2024ko edizioan. Uztailaren 4tik aurrera, Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeek tokiko erakundeekin lankidetzan garatzen dituzten proiektuetan hartuko dute parte gazteek; 9 herrialde hauetako batean: Honduras, Peru, Ekuador, Mexiko, Guatemala, Bolivia eta Kolonbia, Amerikan; eta Ginea Konakry eta Etiopia, Afrikan. Aurten Euskadiko Gobernuz Kanpoko 10 Erakundek hartuko dute parte programan, 22 proiekturekin.

Programa hau Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Elankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatzen eta antolatzen dute, eta Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea du helburu. Dokumentazioa banatzeko ekitaldian, Lehendakariak gogorarazi du «bere 31 urteetan, 2.500tik gora gaztek hartu dute parte programan, eta Euskadiko eta Hegoaldeko herrialdeetako 100 GGKE baino gehiagok lagundu dute».

Hiru iradokizun

Parte-hartzaileei zuzenduta azpimarratu du «bizipen hau, ziurtasun osoz, oso esperientzia aberasgarria izango dela arlo pertsonalean eta erreferentziazkoa bizitza osorako. Horren lekuko dira aurreko edizioetan parte hartu duten ehunka pertsonen testigantzak».

Lehendakariak gazteei iradoki die «aukera hau aprobetxa dezatela, lehenik eta behin, bizi duten errealitatea baloratzeko. Euskadi izena duen errealitatea. Batzuetan ez gara jabetzen daukagunaz, beti izan dugulako eta ziurtzat jotzen dugulako. Baina ez da horrela. Beste leku batzuetako errealitatea ezagutzeak gurea hobeto baloratzen laguntzen digu».

Bigarrenik, «herrialde pobretuen eta hegoaldeko pertsonen errealitatera» hurbiltzean «apaltasun osoz» egiteko gomendatu die gazteei. “Oso garrantzitsua da edozein nagusitasun-aurreiritzi alde batera uztea. Alderdi batzuetan, agian, ikasteko gehiago dugula konturatuko gara, irakasteko baino».

Hirugarrenik, «elkartasunean sakontzera» animatu ditu, doakotasun-esperientzia gisa. Ez bakarrik ongi sentiarazten gaituen bizipen gisa. Elkartasuna eskuzabaltasun gisa, ezeren truke, itzuli beharrik izan gabe. Esperientzia hau, pertsona gisa niri ematen didana baino haratago doa».

Iñigo Urkulluk azpimarratu du bizi garen munduan ez dugula horrelako esperientzia garatzeko aukera handirik. Hau aukera ona da». Azkenik, eskerrak eman dizkie laguntzen duten GKEei, «elkartasunaren pedagogiari eta gazteekiko konpromisoari eskaintzen dioten zerbitzu handiagatik». Parte-hartzaileei «beren bizitzetako bizipen ahaztezina izatea» opa die.

Aukeratutako proiektuak

Gazteria Zuzendaritzak eta Elankidetzak 22 proiektu hautatu dituzte boluntariotzako esperientzia horiek garatzeko. Hezkuntzarekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin, eremuen garapen komunitarioarekin edo osasunaren sustapenarekin lotutako proiektuez gain, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • Yungay-reko nutrizio-programan laguntzea, Perun (Serso San Viator GGKEarekin),
  • Nekazaritza organikoa garatzea eta baso-mintegien sorrera proiektatzea Sucren, Ekuadorren (Gasteizko Elizbarrutiko Misioekin), edo
  • Migratzaileentzako laguntza humanitarioa Mexikon (Ekintzarako laguntza eta Misio Salestarrak GGKEekin).

Hauek dira aurten parte hartuko duten Euskadiko GGKEak:

  • San Viator Elkartasun Zerbitzua Elkartea (SERSO).
  • Medicus Mundi Bizkaia.
  • Euskal Elizbarrutietako Misioak-Gasteiz.
  • Ayuda en Acción.
  • Misio Salestarrak.
  • Ahizpa Pasiotarrak.
  • Asociación Unión y Apoyo del Hablante Pular – Haaly Pular Elkartea.
  • Manuel Iradier Elkarte Afrikanista.
  • Nazioarteko Elkartasuna – Solidaridad Internacional.
  • Fundación Etiopiautopia Fundazioa TIKAL.