Gobernu Kontseiluak Bizkaian eta Araban kokatutako sei enpresaren kanpoko larrialdietako planak onartu ditu

0
  • Babes zibileko plan horien helburua da erantzun hobea antolatzea gerta litezkeen eta enpresen kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu honako enpresa hauen kanpoko larrialdietako planak: Bizkaiko H.A. ILARDUYA SLU (Zornotza), MAIER S.COOP (Ajangiz), PETRONOR SA (Muskiz) eta BILBAÍNA DE ALQUITRANES (Barakaldo); eta Arabako GUARDIAN LLODIO UNO SL (Laudio) eta GENERAL QUÍMICA SAU (Lantaron).

Kanpoko larrialdietako planak babes zibileko plan bereziak dira eta instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzea dute helburu.

Era horretako planak SEVESO izenez ezagutzen diren Europako zuzentarauen esparruan egiten dira, eta enpresek barneko larrialdietako planetan aurreikusitako neurriak osatzen dituzte.

Plan horiek lantzeko prozedurak erreferentziako araudian ezarritakoari jarraitu dio, hau da, aldeko iritzia jaso zuten Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak 2023ko abenduaren 19an egin zuen batzarrean, bai eta Babes Zibilerako Kontseilu Nazionalaren oniritzia ere 2024ko ekainaren 4an.