Hezkuntza sailak 12,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Urnietan Egape institutu berria eraikitzeko

0
  • Urnietako Egape Institutuaren eraikin berria herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren ondoan egingo da
  • Proiektuak barne hartzen du gimnasioa eta kanpoaldeko kirol-kantxa estalia eraikitzea ere

Gobernu Kontseiluak 12.611.320,89 euroko (BEZa barne) aurrekontua onartu du gaurko bilkuran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Urnietan Egape Bigarren Hezkuntzako Instituturako (IES Egape BHI) eraikin berria altxatzeko.

Eraikin berria Haur eta Lehen Hezkuntzako Egape ikastetxearen ondoko lursailean eraikiko da, beste ikastetxe publiko horretako pista estaliaren atzealdean. Eraikinak 3.761,44 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira, eta sarbide nagusia etorkizunean Babilonia Bulebarra izango den horretan duela proiektatu da; udalerriko hirigintza-planean neurri batean oinezkoentzako aurreikusitako kalea da hori. Izan ere, institutuaren eraikuntza bera ere eremu horretarako aurreikusitako hirigintza-garapenean kokatzen da. Hala ere, proiektuak sarbideak proposatzen ditu Lizardi kaletik (beste aldetik) eta alboko ikastetxe publikoko jolas-eremuetatik ere. Horrek hezkuntza-etapa desberdinetako bi ikastetxeen arteko komunikazio fisikoa ahalbidetuko du.

Eraikin luze bat proiektatu da, ipar-ekialdetik hego-mendebalderako norabidean –lursailaren beraren konfigurazioari jarraiki– eta hiru solairu izango situ: erdisotoko solairua, beheko solairua eta lehen solairua. Behar izanez gero, etorkizunean ikastetxea gorantz haztea (beste solairu bat gehituta) ahalbidetuko duten zimendu eta zutabeetan sostengatuko da.

Beheko solairuan egongo da sarrera nagusia, Babilonia Bulebarretik, aurrealdean aterpe handi bat duela (ipar-mendebaldeko fatxadan). Institutuko administrazio- eta zuzendaritza-gunea hartuko du  solairu honek (idazkaritza, zuzendaritza-bulegoak, bilera-gelak, irakasle-gela), baita gela komunak ere (informatika-gela, zientzia-laborategia, plastika-gela eta zereginen ikasketa gela).

Erdisotoko solairuaren bidez komunikatuko da eraikin berria alboko ikastetxearekin, haren kanpoaldeko patioen antzeko kotan egongo baita. Solairu horretan egongo dira erabilera anitzeko gela, musika/ikus-entzunezko/irrati gela, jantokia (office eta guzti), zerbitzu orokorrak eta instalazioen gelak. Azkenik, lehenengo solairuan DBHko gela arruntak, teknologia-gela eta pedagogia terapeutikoko eta orientazioko gelak egongo dira.

Kanpoaldean gimnasio bat eraikiko da (aldagela eta komunekin) eta pabiloi independente gisa proiektatuko da. Gimnasioaren eraikuntza-bolumen horrek estalkia eta egitura partekatuko ditu kanpoko kirol-kantxa estaliarekin.

Lursailaren hego-mendebaldeko zatian, kanpoaldeko jolas-patio horiek hegoaldera egongo dira orientatuak, eguzki begian. Era berean, eguraldi txarrenekin nagusitzen diren haizeetatik babestuta egongo dira.

2025eko lehen hiruhilekoa

Urnietako Egape BHIko eraikin berria egiteko proiektuak 24 hilabeteko exekuzio-epea izango du obrak hasten diren unetik kontatzen hasita. Jarduera horretarako aurrekontua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak esleitzeko prozesuari ekingo dio, obrak 2025eko lehen hiruhilekoan hasteko aurreikuspenarekin.