Hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko dekretu berria, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat (Gobernu Bilera 2024-6-18)

0
  • Dekretu berriak aniztasunari erantzuteko araudiaren eguneratze garrantzitsua dakar, inklusioa ardatz egituratzaile gisa hartuta

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko dekretu berria onartu du, Euskadiko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat.

Gaur onartutako araudi berriak indargabetu egiten du orain indarrean dagoen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretua (hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako hezkuntza-erantzuna antolatzeko Dekretua). Baina indargabetzeaz gain, haren edukia osorik berrikusi, eguneratu eta egokitzen du, aniztasunari erantzuteko ardatz egituratzaile gisa inklusioaren ikuspegia txertatzeko. Izan ere, eskola inklusiboa baita Hezkuntza Sailaren ildo estrategikoetako bat.

Dekretu berriak azken hamarkadetan aniztasunari erantzuteko arloan gertatu den paradigma-aldaketa islatzen du (1998ko Dekretua onartu zenetik –mugarri garrantzitsua izan zen hura bere garaian arau aurreratu gisa– gaur egunera arte). Paradigma-aldaketa hori urte hauetan egindako lanean, metatutako esperientzian eta denbora horretan gertatu diren aldaketa sozial garrantzitsuetan oinarritzen da. Bide horretan, inklusioa eta ekitatea kontzeptuek gainditu egin dituzte integrazioa eta desberdintasunen konpentsazioa bezalako kontzeptuak.

Horrela, eskola integratzailearen eta barne-hartzailearen kontzeptutik –aurreko arauak jasotzen zuena– ikasle guztiei kalitatezko erantzuna emango dien eskola inklusiboaren garapenaz hitz egitera igarotzen da, Dekretu berrian islatzen den bezala; hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleetan zentratzen zen Dekretu batetik aniztasunari erantzuteaz hitz egiten duen beste batera, Euskal Hezkuntza Sistemak hamarkadetan egindako bidearekin gehiago bat datorrena.

Beraz, eskola inklusiboa da –dekretu berriak honela definitzen baitu-, ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzea bermatzeaz gain, ikasle guztiek bizitzarako gaitasunen garapen-maila handiena lortzea ere helburu duena.

Neurriak eta laguntzak

Gaur onartutako Dekretuak dakarren elementu garrantzitsuenetako bat da aniztasunari erantzuteko neurriak eta laguntzak oso zabal eta zehatz definitzen dituela, hiru mailatan egituratuta. Neurri eta laguntza unibertsalak, osagarriak eta intentsiboak bereizten ditu.

  • Neurri eta laguntza unibertsalak: ikasle guztiei zuzenduta daude eta hezkuntzaren esparru guztietan eta ikaskuntza-ingurune guztietan eragiten dute. Ikastetxeko profesional guztiek aplikatzen dituzte. Izaera proaktiboa eta prebentiboa dute, zailtasunak goiz detektatzen eta oztopoak identifikatzen laguntzeko. Neurri eta laguntza horiek Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU) izango dute irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuaren ikuspegi nagusi gisa.
  • Neurri eta laguntza osagarriak: oztopoak gainditzeko hezkuntza-jarduerak eta praktikak, erantzun pedagogikoa doitzeko neurri unibertsalak nahikoa izan ez direnean aplikatu beharrekoak. Ikaskuntza-prozesua arriskuan jartzen duten eta garapen pertsonala zailtzen duten oztopoetan ardazten dute hezkuntza-arloko esku-hartzea. Indibidualak edo talde espezifiko bati

zuzendutakoak izan daitezke (aniztasunari erantzuteko programakak, dibertsifikazio kurrikularreko programa kasu; hizkuntza indartzeko Eusle programa; etxeko edo ospitaleko arreta… dira zenbait adibide).

  • Neurri eta laguntza intentsiboak: oztopoak gainditzeko hezkuntza-jarduerak eta praktikak, neurri eta laguntza unibertsalak eta osagarriak nahikoa izan ez direnean. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen berezitasunera egokitutako aparteko hezkuntza-jarduerak dira, hezkuntza-erantzuna zeharka doitzeko aukera ematen dutenak, maiztasun erregularrarekin eta denbora-mugarik gabe. Batez ere gela arruntean aplikatu behar dira, testuinguruan eta modu inklusiboan, eta ikastetxeko eta gelako hezkuntza-egoeretan ahalik eta parte-hartze handiena izatea erraztu behar da.

Neurrien eta laguntzen atal honetan, Dekretuak IDU (Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala) izenekoan oinarritutako neurri eta laguntza unibertsalak azpimarratzen ditu, hau da, ikasle guztiengana iristea (ez bakarrik hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoak dituztenengana), guztiek parte hartzeko gaitasuna dutela ulertzea eskatzen duen metodologiarekin. Aniztasunarekiko arretaren ikuspegi honetan, ebaluazio psikopedagogikoak ardatz izateari uzten dio, eta protagonismo handiagoa ematen dio oztopoak identifikatzeko prozesuari, testuinguru normalizatu batean, irakasleekin, gela arruntaren egunerokotasunean.

Prestakuntza, berrikuntza eta ikerketa

Aurreko Dekretuak ez bezala, eta arestian aipatutako bilakaeraren ondorioz, testu berriak garrantzia ematen dio –aniztasunari behar bezala erantzuteko ezinbesteko elementu gisa– irakasleen prestakuntzari -hauek erantzun behar baitiete goian deskribatutako paradigma berriari-, berrikuntzari eta ikerketari, edo irakasle ez diren langileen zereginari. Era berean, azpimarratzen du beharrezkoa dela familien parte-hartzea eta inplikazioa, hirugarren sektoreko elkarteekin lan egitea edo beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, batez ere osasunaren eta gizarte-politiken arloetan.

Bestetik, Euskal Hezkuntza Sisteman gaur egun jada gertatzen den eskolatze partekatuaren errealitatea ere jasotzen du: astean egun batzuetan beren ikastetxe arruntera joaten diren ikasleak, baina eskolatze hori zerbitzu integratuen programa bat duen zentro batekin konbinatzen dutenak.

Helburu hirukoitza

Horrekin guztiarekin, Dekretu berriak hiru helburu ditu:

  • Haur eta nerabe guztiei bermatzea aniztasunari zuzendutako hezkuntza-erantzun egokia jasotzeko eskubidea.
  • Ikasle guztientzat irisgarriak izango diren ingurune fisikoak eta curriculum-inguruneak sortzea, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren ikuspegitik. Horrela, “guztiontzako eskola” kontzeptua errealitate bihurtuko da.
  • Ikasle bakoitzak bere gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko azken helburua lortzea, hezkuntza-eragileen erantzunkidetasuna azpimarratuta proposamen berrien diseinuan eta inplementazioan.