- Gorlizko Ospitaleak gailu berri bat du, ibileraren entrenamendu errepikakorraren bidez, hobekuntza nabarmenak ahalbidetzen dituena kalte neurologikoa duten pertsonengan, adibidez iktus baten ondorioz
- Berreskuratzeko aukera duten pazienteen errehabilitazio funtzionalerako diseinatutako sistema robotikoa da
- Osakidetzak 630.000 euroko inbertsioa egin du Bizkaiko erreferentziazko zentroa tresna horretaz hornitzeko, paziente horiek errehabilitatzeko
Osakidetzako Gorlizko Ospitaleak punta-puntako gailu teknologiko bat sartu du bere tratamenduen barruan, iktus baten ondorioz edo ibilerari eragiten dioten beste prozesu batzuen ondorioz kalte neurologikoa jasan duten pazienteak tratatzeko. Lokomat izeneko gailu berria sistema robotikoa da, sendatzeko aukerak dituzten pazienteen errehabilitazio funtzionalerako diseinatutakoa.
Osakidetzak 630.000 euroko inbertsioa egin du gailu hori erosteko eta Gorlizko Ospitalean kokatzeko. Ospitale hori erreferentea da Bizkaian, prozesu mota horren errehabilitazioan. Ezaugarri horiek dituen Osakidetzako lehen gailua da. Gailu honek pertsona gidatzea ahalbidetzen du, ibilera-patroi fisiologiko bat denbora luzeagoan erreproduzitu dezan, errepikapen ugari egiteko aukerarekin. Hori da, hain zuzen, nerbio-sistemak mugimendua behar bezala ikasteko behar duena. «Kalte neurologikoaren ondorioz mugikortasuna galdu duten pazienteak dira, baina entrenamenduarekin mugikortasuna berreskuratzeko aukera dute, partzialki behintzat. Horretarako, ibiltzen irakatsi behar zaie berriro, mugimendu hori behin eta berriz errepikatuz». Horrela azaldu du Gorlizko Ospitaleko zuzendari kudeatzaileak, Carmen Rodríguez-ek.
IKTUSA, DESGAITASUN FISIKOAREN LEHEN KAUSA
Gailu berri horrekin tratatuko diren pazienteen artean daude iktusa edo istripu zerebrobaskularra izan dutenak, eta, ondorioz, ibilera asaldatuta izan dutenak. Iktusa garunaren zati bateko odol-fluxua eteten edo murrizten denean gertatzen da, garun-ehunari oxigenoa eta funtsezko nutrienteak kenduta. Kardiopatia iskemikoaren ondorengo Espainiako bigarren heriotza-kausa da, eta maizago gertatzen da emakumeen artean. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, desgaitasun fisikoaren lehen kausa da helduengan, eta bigarrena dementzian.
Hartutako kalte zerebralaren intzidentziak gora egiten du urtero; izan ere, kalkuluen arabera, 2015 eta 2035 bitartean % 34 handituko da Europako istripu zerebrobaskularren guztizko kopurua. Iktus batetik bizirik atera direnen % 30ek baino gehiagok desgaitasun-maila handiagoa edo txikiagoa dute, eta errehabilitaziorako tratamendua behar dute.
Istripu zerebrobaskularra duten pertsonen sekuela nagusien artean, besteak beste, oinez ibiltzean izaten diren alterazioak daude. Horien arrazoia izan daiteke ibileran eta orekan disfuntzioa egotea, zangoen luzera murriztea, edo jarrera asimetrikoa izatea.
Lokomat gailuak martxa robotizatuko ortesi bat (kanpoko gailua) eta gorputz-pisua deskargatzeko sistema moderno bat ditu, zinta gurpildun batekin konbinatuta eta errealitate birtualeko pantaila bati lotuta. Horrek guztiak ibileraren entrenamendu oso errepikakorra eta fisiologikoa ahalbidetzen du. Alterazio neurologiko larriak edo moderatuak dituzten pazienteei dago bideratuta.
GORLIZ, ERREFERENTZIAZKO ZENTROA
Gorlizko Ospitalea Osakidetzako azpiakutuen ospitalea da, hots, konplexutasun handiko neurri diagnostikorik edo terapeutikorik behar ez duten prozesuak dituzten pertsonak artatzen ditu. Batez ere patologia ez-akutua duten pazienteak artatzen ditu, egonkortze-aldian, susperraldian, zainketa aringarrietan eta errehabilitazioko tratamenduan.
100 urte baino gehiagoko historia du, eta, gaur egun, erreferentziazko zentroa da Bizkaiko pazienteentzat. Puntako teknologia du, bai eta prozesu neurologikoen sekuelen tratamenduan esperientzia handia duten profesionalak ere.
Gorlizko Ospitaleak barne-medikuntzako ospitalizazioan 54 ohe ditu eta errehabilitazioan 90. Horrez gain, kanpo-kontsultak kudeatzen ditu: haurren errehabilitazioa, errehabilitazio neurologikoa, errehabilitazio traumatologikoa eta errehabilitazio orokorra; anputatuak, eta zainketa intentsiboen ondorengoak.