Inauguratu dute Agustinak Zentroa, kultur eta sormen industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea

0
urku
  • Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria inaugurazioan izan da

Martxan da Agustinak Zentroa. Gaur, ekainaren 19an, Zentroaren inaugurazio ekitaldia egin dute erakundeetako ordezkariek eta kultur zein sormen industrietako eragileek. Oarsoaldean kultur eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko gune berria ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Kultura-eta sormen industriari lotutako pertsonak, eragileak, erakundeak, elkarteak, heziketa zentroak, profesionalak, enpresak eta hedabideak izan dira bertan, zentroak dinamizatu nahi duen ekosistema osoaren erakusle.

Idoia Lizeaga bitxigile artisau eta lore-maisuak eman dio hasiera ekitaldiari. Sortzaile gisa, afizioa ofizio bihurtzeko egin duen ibilbidea azalduz eta bide horretan Agustinak gisako Zentro baten laguntzak eskaintzen duen babesa azpimarratuz.  

Erakundeen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian, besteak beste; Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Esti Susperregi Zentroaren zuzendaria; Mikel Arruti, Lezoko alkatea; Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea; eta Teo Alberro, Pasaiako Alkatea. Spri taldeko ordezkariak ere bertan izan dira. Izan ere, udal baliabideez gain, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren laguntza ere izan du proiektuak. Horrez gain, kultura sailetik milioi bat euroko laguntza bideratu da eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziatik 700.000 euro. Oarsoaldea Garapen Agentzia arduratuko da proiektuaren kudeaketaz.