Lehendakariak eskertu eta aitortu egin du profesionalen lana eta pertsona bakoitzaren osasuna zaintzarekin duten konpromisoa, «daukagun gauzarik preziatuena»

0
  • Iñigo Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera, Debagoieneko Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jartzen parte hartu du
  • Azpiegitura berri horrekin, Osasun sailak osasun-baliabide modernoa emango dio eskualdeari, eta zerbitzu-zorro zabala eta eguneratua eskainiko du, inguru horretan bizi diren 63.000 pertsonaren beharrei erantzuteko
  • Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko duen konpromisoaren beste adibide bat da, gertuko arreta, kalitatezkoa eta irisgarria ematen jarraitzeko

Iñigo Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua aldamenean zuela, Arrasaten kokatutako Debagoieneko Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jartzen parte hartu du gaur goizean. Azpiegitura berri horrekin, Eusko Jaurlaritzak osasun-baliabide modernoa emango dio eskualdeari, zerbitzu-zorro zabaldua eta eguneratua izango duena, eta inguru horretan bizi diren 63.000 pertsonen beharrei erantzungo diena.

Ekitaldian, halaber, Osakidetzako zuzendaritza-taldea izan da, Rosa Pérez Ezquerdo zuzendari nagusia lagunduz, baita Debagoiena ESIko arduradunak ere. Gainera, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maider Morras Arrasateko alkateak, bere udalbatzako zenbait kidek lagunduta, parte hartu dute ekitaldian.

Eraikin berri horretan 30 milioi euroko inbertsioa egingo da guztira, eta Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio, pertsona guztientzako gertuko eta kalitateko arreta eskuragarrian aurrera egiten jarraitzeko.

Iñigo Urkulluk, lehendakari gisa egin duen azken ekitaldi publikoan, Osakidetzako profesionalen profesionaltasuna eta zerbitzu publikorako bokazioa eskertu eta aitortu nahi izan ditu. «Jarrai ezazue orain arte bezala. Partekatzen dugun helburuak merezi du: pertsona bakoitzaren osasuna zaintzea. Horixe da daukagun gauzarik preziatuena. Hori izan da gure helburua, urte hauetan zehar, etengabeko hobekuntzaren bidean», azpimarratu du.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren urteko txostenaren emaitzak ere aipatu ditu. Txosten horretan, Euskadi nabarmentzen da Estatu mailan prozedura kirurgikoetarako edo espezialisten kontsultetarako egun gutxieneko itxaron-zerrendak izateagatik, baita finantzaketa publikoan, baliabideetan eta funtzionamenduan buru izateagatik, eta herritarrek osasun-zerbitzu publikoari buruz egiten duten balorazioagatik. Izan ere, txostenean 105 balorazio-puntu ematen zaizkio Euskadiri, Estatuko batez besteko puntuazioa baino 20 puntu gehiago. «Emaitza hauek zuen lana eta konpromisoa berresten dute. Egunero erakusten duzuen osasun publikoaren defentsaren emaitza dira», esan du Urkulluk.

Bere aldetik, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Debagoieneko Ospitalearen eraikin berriaren lehen harria jartzeak duen esanahian azpimarratu du, «euskaldunen osasunaren alde lau hamarkadatan egindako lanaren jarraipenaren sinbolo gisa. Izan ere, gaur jarriko dugun harriaren gainean, atzo ospitale zaharra zegoen lekuan, bihar osasun-azpiegitura berri bat gauzatuko da, betiere herritarren zerbitzura «.  

DEBAGOIENEKO OSPITALEKO ERAIKIN BERRIA

Dagoeneko eraitsita dagoen ospitale zaharrak Txaeta eta Zalduspe kaleen izkinan egingo den eraikin berriari emango dio lekua. Jarduketak 9.300 m²-ko azalera eraikia aurreikusten du, sestra gaineko 5 solairutan eta sotoko 2 solairutan antolatuta, solairu bakoitzean 1.200 m² baino gehiagoko azalera eraikiarekin. Gainera, bloke berria zuzenean lotuta egongo da kanpo-kontsulten eraikinera; hori dela eta, 2.000m² berrituko dira harekin lotuko diren ondoko eraikinetan; hala, eraikinen arteko eta bertako zerbitzuen arteko zirkulazioa ahalbidetuko da, elkarrekintzak hobetuz.

Eraikin berrian, besteak beste, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, endoskopia-unitate bat, larrialdi-oinarria eta erresonantzia magnetiko nuklear bat kokatuko dira. Aipatutako unitateez gain, eraikinak zerbitzu osagarriak eta administratiboak eta erreserba-solairu bat hartuko ditu; solairu hori osasun-arretan sortzen ari diren premietara egokitu ahal izango da. Estalkiak instalazioen eremu tekniko gehienak izango ditu, eta sotoko bi solairuak aparkaleku gisa erabiliko dira, eta horiek lehendik dagoen aparkalekukoarekin integratuko dira.

Horrez gain, eta eraikitako inguruneen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, obrak aldagailu inklusibo bat eta ostomizatutako pertsonentzat egokitutako komunak jartzea ere aurreikusten du. Gainera, eraikinak energia-efizientziari buruzko egungo araudia beteko du, eta energia-kalifikazio altuena («A») izango du, bai energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan, bai karbono dioxidoaren emisioetan.